Lur azpiko altxorrak ezagutzeko irteera antolatu du Aralarko parketxeak
Larunbatean izango da, 10:00etan Lizarrustitik abiatuta. Aurrez izena ematea derrigorrezkoa da.
Aralarko parketxeak Sartu kobara! txango gidatua antolatu du larunbaterako, abuztuak 31. Oinezko ibilaldi batean ondoren, lur azpiko altxorrak ezagutzeko plana proposatu du, familian zein lagun artean esperientzia espeleologiko bat bizitzeko. Lizarrustiko parketxetik abiatuko dira 10:00etan.
Lizarrustiko parketxetik abiatuta, poliki-poliki Aralarko erraietara doan bideari ekingo dioten bisitariek. Paseatzeko leku ezin aproposagoa da garai batean animaliek tiratutako bagoneta bat ibiltzen zen bide lau hori. Pagadi zabala, bidezidor atsegina, erreka, arroila eta txondor plazaren bat ere aurkituko daiteke bidean. Bukaeran, Lareo urtegiko ingurunera helduko dira.
Handik gertu, zailtasunik gabeko espeleologia esperientzia bat bizitzeko aukera izango dute bisitariek, hagin baten azpian kokatzen den Lareoko kobazuloan barneratuz. Aspaldi Aralarren bizi izandako gizakien azalean jarri ahal izango dira estalaktitaz eta estalagmitaz inguratuta dauden bitartean. Kobetako giroa oso berezia da: hezetasun handia eta tenperatura egonkorra dute urte osoan zehar; horri esker sabaitik erortzen den urak egitura bereziak sortzen ditu.
Izena emateko bideak
Txango gidatuan parte hartzeko ezinbestekoa da izena aldez aurretik ematea, 943 18 03 35 edo 688 895 069 zenbakietara deituz, edo lizarrusti@gipuzkoanatura.eus posta elektronikora idatziz. Helduek sei euro ordaindu behar dituzte, eta 12 urtez beherakoek lau.
Mendiko arropa eta oinetakoak eramatea gomendatzen dute antolatzaileek, baina linterna eta frontala ere. Kaskoak, antolatzaileen esku.