Lanak bere ekuatorean
Bost fasetan banatu dituzte lanak, eta irailerako lehendabiziko hirurak amaituta egotea aurreikusi dute. 65 urteko antzinatasuna duen Idiazabalgo Gurutze Berri auzoa modernizatzea dute helburu lan hauek.
Gurutze Berri auzoaren eraberritzea udal gobernuak legegintzaldi honetarako duen proiektu garrantzitsuena da. Lanak iazko irailean hasi zituzten eta 2025eko udaberrirako amaituta egotea aurreikusten da. Bost fasetan banatu dute obra eta lehendabiziko hiru faseak iraila amaitzerako bukatuta egongo dira.
Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak gogoratu duenez, Gurutze Berri 65 urteko antzinatasuna duen auzo bat da. Horregatik, proiektuaren helburu nagusiak «auzoko zerbitzu guztiak berritu eta irisgarritasuna hobetzea» dira. Lanak bost fasetan banatzearen arrazoi nagusia «bertako bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzea» izan da. Gurutze Berrin zortzi etxe bloke daude eta orain arte egin diren lanekin «lau etxe blokeetako hirigintza eta instalakuntza lanak» eginda daude.
Erritmo «onean»
Egindako lanen artean, hoditeria eta kableatu guztiak berritu dira eta lehen goitik pasatzen ziren argindar kableak lurpetik pasa dira. Espaloi berria egin eta errepidea asfaltatu da eta Guraso Elkartearen parean parkea izango den gunea egiten ari dira. Fase batzuk beste batzuk baino «zailtasun gehiago» dituzte, baina lanak orokorrean «modu ordenatuan» gauzatzen ari dira alkatearen iritziz.
Jada hasita dagoen hirugarren fasean, Trikuerreka Urtsuaran errekara sartzen den gunean estalki bat jarri behar dute orain. Ur Agentziak beharrezko baimenak emanda ekingo diete lan horiei segituan.
Lanak «martxa onean» doaz baina egon dira tartean, ezustekoak ere. Iberdrolak kable bat lekuz aldatu behar izan zuen horma bat ekiditeko eta horrek lanak etetea ekarri zuen uztailean eta abuztuan. Errefortzuko lan talde bat jarri zuten lanak bideratzeko eta horri esker, lanen erritmoa berreskuratu ahal izan dute berriro. Lanek guztira, 2,2 milioi euroko aurrekontua dute.