San Bartolome ermitarentzat eta inguruarentzat plan oso bat
Ordiziako San Bartolome ermitaren eta inguruaren «proiektu integrala» lantzen ari dira, Osbelek jakinarazi duenez. Ordizia izeneko herrixkaren zantzu arkeologikoak aurkitzen ere jarraitzen dute Gure Iraganako kideek.
San Bartolome ermita kuttuna da ordiziarrentzat. Horixe adierazten du Babestu teila batekin kanpainarekin egindako diru bilketak. 2023an 11.400 euroko ekarpena egin zuten ordiziarrek ermitaren teilatua konpontzeko. Kopuru horri, Ordiziako Parrokiako Kontseiluak emandako 6.000 euro gehitu behar zaizkio. Osbele Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunak Elkarteak San Bartolome eguneko meza baliatu du azken berriak emateko. Ermitarentzat eta inguruarentzat «proiektu integral bat» osatzeko urratsak hasi dituzte.
Iaz irailaren 1ean obra baimena eskatu zioten udalari. «Ermitak eta bere inguruak babestutako kalifikazioa dutenez, udalak obra egiteko baimena eskatu behar zion foru aldundiari. Eskaera 2023ko abenduaren 27an egin zen». Bi hilabetera aldundiak eskaera ukatu zuen eta «erabaki zuen ermitaren teilatua konpontzeko eraikinaren eta inguruaren gaineko proiektu integral bat idatzi behar zela, Gotzaindegiaren onespenarekin».
Ekainaren 24an elkartu ziren ermitan bertan Sergio Quintana apezpikutzako arkitektoak deituta, «Ordiziako parrokoa eta alkatea (Adur ezin izan zen bertaratu), Aitor Zubia Zetabiko arkitektoa, Iosu Etxezarraga indusketen arduraduna eta Osbeleko kideak. Ermitaren proiektu integralari aurre egitea erabaki zen, foru aldundiko ondare sailak eskatzen duen bezala».
Honela, 2025. urtea proiektu integrala egiteko baliatuko dute. «Aitor Zubia Zetabiko arduradunak proiektu integrala bere kabuz aurreratzeko konpromisoa hartu du. Osbelek ermita konpontzeko bildutako diru guztia eskaintzen dio proiektu honi». Era berean, «Gotzaindegiak adierazi du irekita dagoela udalarekin epe luzerako lagapen-akordio bat sinatzeko».
Osbelek «oraingoan bai, itxaropenez ikusten dugu ermitaren etorkizuna, eta udalari eskatu diogu akordio on bat lortzen saia dadila San Bartolome leku duina eta guztiontzako erabilgarria izan dadin urte osoan zehar».
Ordizia herrixkaren bila
Gure Iragana taldekoek ere lanean jarraitzen dute, Ordizia herrixkaren zantzu arkeologikoak aurkitzeko helburuarekin. David Canoren esanetan, oraindik ere, ermitaren burua aurkitu gabe jarraitzen dute: «Uste duguna da, gaur egungo ermita inguratzen duen zementuzko pasilloaren azpian dagoela». Beraz, erronka, kanpoaldea arakatzea izango dute, nahiz eta horretarako jakin badakiten herritarren babesa beharko dutela.
«Badakigu horren azpian garai bateko Ordizia herrixkako hilerria dagoela. Zundaketa batzuk egin ditugu eta egon daiteke arrastoren bat garai bateko Ordizia izeneko herrixkarena. Aurkitutako hilobiak eta gorpuak konfirmatzen du hor jendea bizi zela. Indusketak egin nahi badira, dena altxatu beharrean dago. 25 hiribildu historikoen garai bateko herrixken zantzurik ez da topatu ez Gipuzkoan, eta ez Bizkaian; Araban bai. Ordizian herrixka horien zantzu arkeologiko bat aurkitzea beraz, Gipuzkoan nobedadea izango litzateke; Gipuzkoako lehena izango litzateke».