Belatxingak bola kluba sortu dute Zegaman
Herrian bola jokoari bultzada bat emateko asmoz sortu du lagun talde batek Belatxingak bola kluba, Zegaman. Igandean probintziako bola txapelketa jokatuko da, Txarape bolatokian.
San Bartolome jaiak astelehenean amaitu ziren arren, jai giroko hainbat ekintza daude aurreikusita, oraindik, asteburu honetarako Zegaman. Larunbatean San Bartolome Saria afizionatuen mailako txirrindulari lasterketa jokatuko da goizean zehar eta igandean, probintzia mailako bola txapelketa. Bola jokoak zaletu asko ditu Goierrin; horren adibide da Zegaman sortu berri duten Zegamako Belatxinga bola jokoa kluba.
San Bartolome jaietan urtero egin ohi dute bola txapelketa eta Iker Alzelai, klubeko kideetako bat beti gerturatu izan da bola saioak ikustera. Bolatan aritzea birlak botatzea baino gehiago zela konturatu zen, «batek goitik jarri behar dela, besteak behetik. Birlak estutu egin behar direla, beste batek zabaldu… eta nik ez nuen ulertzen zer esan nahi zuten», dio.
Herriko jaietako bola txapelketan piztu zitzaion Alzelairi bolatarako mira. Txarape bolatokiaren paren bizita, erritual bat bezala ikusten zuen urtero, hasieran Martin Retegik eta azken urteetan Xepeño Agirre zenak, bolatokia atontzeko hartzen zituzten lanak. «Festak baino bi aste lehenago hasten ziren bolatokia atontzen. Ez da lan erraza, eta hori ere jakin egin behar da», dio. Jokoak erakarrita urtero esaten zion bere buruari bolatan hasi behar zuela, baina ez zuten Zegaman bolatan aritzeko materialik.
Material falta, aitzakia
Hala, 2022an Xepeño Agirre bolari segurarrari galdegin zion ea ba ote zuen berari uzteko bolaren bat; «hark ekarri zizkigun bola batzuk eta hala hasi ginen asteazkenero lagun talde bat bolatan, bota eta bota», gogoratu du. Geroago, Juanjo Aizpeolea herrikideak Zeraingo tiraldietara joateko gonbita egin zien, «ostiralero entrenamendu saioak egiten zituztela eta». Mundu bat ireki zitzaion Alzelairi orduan, «ohartu nintzen ia astebururo zegoela bolarekin lotutako zerbait, Gipuzkoako Kopa, Lehendakari lehiaketa… Orain dela gutxi deskubritu dudan mundu bat da, hor zegoena baina nik ezagutzen ez nuena».
Material falta izan da, hain zuzen, kluba sortzeko aitzakia nagusia. «Agirrek utzitako bolak egurrezkoak ziren eta beste leku batzuetan zer material erabiltzen zuten ikusita, berriak erosteko laguntza eske jo genuen udaletxera», dio. Bertan egin zieten kluba sortzeko gomendioa, «laguntzak errazago» lortzeko bide bezala. Hala sortu dute Belatxingak bola kluba, zegamarren ezizenari keinu eginda, «belatxingak, bele txikiei esaten omen zaie», argitu du Alzelaik.
Jaietan, herritarren arteko bola tiraldia antolatzeko ardura izan dute lehenengoz, Segurako eta Zeraingo bolarien laguntzarekin—abuztuaren 22an izan zen—. «Inoiz baino jende gehiagok hartu du parte», esan du. Igandean berriz, probintzia mailako txapelketari 10:30ean emango diote hasiera, —izen ematea 10:00etatik 11:30era izango da—. Eguraldi txarrarekin atzeratu egin beharko dute. Bolatan aritu eta ondo pasatzeaz gainera, Zegaman kirol honekiko zaletasuna bultzatzea dute helburu nagusi, «Guk jarraituko dugu ahal dugun bitartean; atzetik norbait badator, bidea irekita daukate», amaitu du.