Gaur hasiko dira San Gregorioko festak
17:30ean botako dute txupinazoa. Irailaren 3ra arte luzatuko dira festak, asteartean egokitu baita aurten San Gregorio eguna.
Ataungo San Gregorion gaur hasiko dituzte festak. 17:30ean txupinazoa botako dute buruhandiek lagunduta eta, hala, asteartera arteko egitarauari ekingo diote. San Gregorio eguna, irailak 3, aurten asteartean egokitu da.
Umeen erreka jaitsiera, Lauztiturrietakoen eskutik merienda, frontenis txapelketako finalak eta auzo afaria ere egongo dira gaur. Entsalada, haragi gisatua, postrea kafea eta kopa hartuko dituzte. Trikiti soinuek eta bertsoek girotuko dute juntadizoa.
Ostiralean zuriz janzteko deia egin dute. 13:00etan elkartuko dira, bazkaldu aurretik poteoa egiteko. 14:30ean eseriko dira mahaira, kasu honetan paella eta gisatua jateko. Arratsaldean, futbolin txapelketa, Elektrotxufla elektrotxaranga, helduen erreka jaitsiera eta presoen aldeko kalejira egingo dituzte. 21:00etan, berriz ere, mahaira eseriko dira: entsaladilla errusiarra, urdaizpikoa, almondigak eta postrea jango dituzte. Gauean Pakillo el Kanutero y los Antxoillas Artadin, Añube eta Iratzar taldeek joko dute, 23:00etatik aurrera.
Larunbata haurrentzako eguna izango da: eguna jolas kooperatiboekin hasiko dute, bazkaria egingo dute 13:30ean, puzgarriak izango dira gero eta 17:30ean, Sutegiren eskutik, puzgarriak. Mozorro eguna ere izango da. 18:30ean egingo dute hitzordua eta gaia marrazki bizidunak da. 21:30ean oilasko jana egingo dute, baina mahai-tresnak bakoitzak eramateko eskatu dute. Eguna Balantza erromeriak borobilduko du.
Igandean, pilota partidak jokatuko dira auzoko pilotalekuan. 12:30ean, kantu poteoa egin dute eta, arratsaldeak, Otsoak dantza taldearen ikuskizuna egingo da. Ekhiñe eta Irati Lumbreras ahizpa altsasuarrek emango diote segida kultur agendari.
Astelehenean, atsedena
Astelehenean atseden hartuko dute, San Gregorio eguna indartsu ospatzeko. Asteartea izango da festetako egun handia, irailaren 3a. Santuaren omenezko meza egingo dute 11:00etan eta, ondoren, salda banatuko dute. Toka txapelketak ere egingo dira eguerdian. 14:30ean herri bazkaria egingo dute eta, bazkalostean, mus txapelketa jokatuko da. Entsaladilla errusiarra, legatza, azpizuna eta postrea jango dute. Puruak ere banatuko dituzte, besteak beste.