Errekabeltzen zaldibiar baten autoari egindako erasoa salatu dute hainbat eragilek
Lau gurpilak hustu dizkiote, lau balbulak moztuta. Zaldibiako Udalak, Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Zaldibiako Gailurrerantz Mendi Elkarteak ohar bana kaleratu dute.
Joan den abuztuaren 22an Errekabeltzeko langan, Enirio-Aralarko lurretan, aparkatuta zegoen Zaldibiako herritar baten autoari eraso egin zioten. Lau gurpilak hustu zizkioten, lau balbulak moztuz. Ibilgailuaren jabeek larrialdi bat izan zuten, eta aparkalekura jaitsi zirenean ohartu ziren gertatutakoaz. Handik igaro zen artzain baten laguntzarekin jaitsi ahal izan zuten Beasaingo osasun zentrora.
Gertakaria salatzeaz gain, Zaldibiako Udalak, Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Zaldibiako Gailurrerantz Mendi Elkarteak elkartasuna adierazi diote herritarrari. Hiru eragileek ohar bana kaleratu dute.
Zaldibiako Udalaren adierazpena
Zaldibiako Udalak abuztuaren 24an kaleratu zuen oharra. “Argi adierazi nahi dugu ez halako erasoek, ez eta haien erantzuleek, ez dutela lekurik gure herrian”, esanez hasten da udalaren adierazpena.
“Eraso hau pertsonala izateaz gain, politikoa ere bada. Pertsona honek eta bere ingurukoek publikoki adierazi izan dute Aralarren pistak egitearen aurkako eta Natur Parkearen kontserbazioaren aldeko jarrera, eta lehenago ere jasan izan dituzte erasoak. Eztabaida publikoan hamarkadak daramatzan gai honen aurrean, iritziak iritzi, herritarrek askatasunez eta inori kalterik eragin gabe iritzia emateko eskubidea defendatzen dugu. Eraso honen helburua, kalte pertsonala eragiteaz gain, iritziak libreki eta askatasunez emateko guztiok dugun eskubidea mugatu eta beldurra zabaltzea bada, are eta salagarriagoa da eraso hori”.
Enirio-Aralar Mankomunitatearen oharra
Enirio-Aralar Mankomunitateak herenegun zabaldu zuen oharra. “Mota honetako eraso batek arduragabekeria eta errespetu falta besterik ez du erakusten, jarrera erabat tamalgarria hain zuzen. Enirio Aralarko Mankomunitatetik, ekintza hau salatzeaz gain, bizikidetza eta errespetuaren aldeko deia egiten dugu”.
Gailurrerantz Mendi elkartearen iritzia
Azkenik, Gailurrerantz Mendi Elkarteko zuzendaritzak atzo iluntzean plazaratu zuen bere iritzia. Erasoa jasan duen pertsona elkarte horretako bazkidea da.
“Mendia askatasunarekin lotzen dugu, eta askatasun horretatik kanpo daude elkarteak berak Oiduin 2017an zuzenean jasandako erasoa edota oraingoan bertako erabiltzaile batek jasotakoa. Aralarren eta Zaldibian gaudenez gero, gu ere Aralarko Parke Naturalaren etorkizunaren parte gara. Mendi Elkarteak bereak dituen barne-arauek azaltzen duten eran, Aralar ardatz hartuta, hura babesteko mezu eta ekimenekin bat egiten dugu, eta ez dugu inola ere onartuko naturaren kontrako eta hura babesten dutenen kontrako erasorik”.