San Bartolome Saria, etorkizuneko profesional batentzat
Finisher talde nafarreko Pablo Carrascosak irabazi du Zegamako San Bartolome saria. Bakarrik helmugaratu da. Alex Diaz izan da lehen goierritarra, hirugarren postuan
Zegamako San Bartolome txirrindulari probaren 92. edizioa Euskal Herrian errotutako Finisher taldeko Pablo Carrascosa espainiarrak irabazi du. Ihes eginda gurutzatu du helmugako marra: “Lasterketa motza eta gogorra denez, kontrolatzeko zaila da. Baina nire taldekideek lan ona egin dute eta nik errematea jarri besterik ez dut egin”, kontatu du garailearen txapela jantzi berritan. Lasterketak 100 kilometro eta zazpi gain ditu: Liernia lau bider, Barbari birritan eta Minak igo dituzte txirrindulariek. “Oso pozik nago. Irabaztera atera gara, Manoloren [Azkona] omenez. Manolo taldearen arima zen, sortzaileetako bat, eta Lehendakari eta Euskaldun zirkuituko lasterketa guztietan gu babestera etortzen zen”. Azkona ostegunean hil zen, minbiziak erasanda. Finisher taldeko txirrindulariak xingola beltzarekin lehiatu dira , eta Carrascosak eskuak zerura bideratu ditu garaipena ospatzeko, Azkonari ohore eginez.
Gomur taldeko Sergio Trueba helmugaratu da bigarren, hau ere bakarrik. Alex Diaz (Caja Rural) urretxuarrak egin du hirugarren. Multzo txiki bateko esprintean bera izan da azkarrena eta podiumean muturra sartzea lortu du. “Asko sufritu dut eta gaizki pasa dut”, aitortu du. “Beroa, hezetasuna, urte hasieratik topera nabil eta nik uste formaz pasata nabilela… Mendate guztietan atzera geratu naiz, baina nire erritmoa topatzea lortu dut eta podiumeko lehian sartzea lortu dut”. Diaz izan da lehen goierritarra.
Mendiko saria Nil Gimenorentzat izan da. Finisher taldekoa hau ere. Taldekako sailkapena, berriz, Gomurrek irabazi du.
Lehendakari saria
Zegamako proba Lehendakari zirkuituaren barneko proba da. Elite mailan, Truebak sailkapen nagusiko lehen postuari eustea lortu du. Gaurkoan, maillot urdinarekin lehiatu da, sailkapeneko buruan dela ikustarazteko;. 23 urtez azpikoen artean, berriz, Asier Castilla da onena, Laboral Kutxa taldekoa.
Lehendakari zirkuituko kide izanda, etorkizun handiko txirrindulariez osatutako tropela elkartu da Zegaman. Besteak beste, Carrascosa garaileak, datozen bi urteak Khern Pharma talde profesionalean egingo ditu; are, irailean Malaisiako Itzulian lehiatuko da, lehen mailako txirrindularien aurka. Diazek ere Caja Ruralen lehen taldera egingo du jauzi datoreen urtean.