CAF taldeak hidrogenozko autobusak egiteko kontratuak lortu ditu Alemanian, Frantzian eta Txekiar Errepublikan
Guztira, 30 milioi eurotik gorako diru sarrera suposatuko dio.
CAF taldeko Solaris enpresak, hidrogenoz funtzionatzen duten autobusen hiru kontratu berri lortu ditu Europan. Hain zuzen ere, Alemaniako eta Frantziako operadore publikoak izan dira Solarisengan konfiantza jarri dutenak hiri-garraio jasangarria sustatzeko, eta Txekiar Errepublikako enpresa pribatu batek bat egin du horiekin. Guztira, 30 milioi eurotik gorako diru sarrera suposatuko dio enpresari.
Alemaniara 26 autobus
Solaris Urbino 12 hidrogenozko 26 autobus eraikiko ditu CAF taldeko enpresak Alemaniako REVG Kerpen operadorearen eskariz. 70 kW-ko hidrogenozko erregai-pilak dituzten ibilgailuak izango dira, eta, horiez gain, Solaris High Power bateriak ere izango dituzte, eragiketa-eskari handieneko uneetan unitateen funtzionamendua babesteko.
Alemaniako merkatuak, hidrogenozko-ibilgailuen aldeko apustua egin du azken urteetan. Horren erakusle da, Solarisen autobusak erabiltzen direla Kolonian, Wuppertalen, Weimarren, Frankfurten, Gross-Zimmernen, Aschaffenburgen eta Municheko metropoli-eremuan. Zerrenda hori handitu egingo da hurrengo hilabeteetan CAF taldetik iragarri dutenez. Izan ere, Güstrow, Gross-Gerau, Hanburgo, Gummersbach eta Duisburg hirietan hidrogenozko autobusaren unitate berriak jasoko baitituzte laster.
Txekiar Errepublikara, hamar
Martin Uher Bus Txekiar Errepublikako garraio pribatuko enpresak bere lehen hidrogeno-autobusak jasoko ditu; zehazki, Urbino 12 hidrogenozko hamar ibilgailu izango dira, Erdialdeko Bohemiako eskualdean zirkulatuko dutenak, Praga inguruan, eta 2025erako entregatzea aurreikusita dago.
Frantziara, zortzi
Europako beste herrialde batzuetan bezala, Frantzian ere hazten jarraitzen du CAF taldearen merkatuak. Kasu honetan Belfort hirirako, hidrogenozko zortzi autobus artikulatu eraikiko ditu Solarisek.
Ibilgailuak SMTC (Le Syndicat Mixte des Transports en Commun du Territoire de Belfort) erakunde publikoak erosiko ditu. Erakunde horrek bere eremuko garraio-operadore desberdinak biltzen ditu.
Aipatu ere, azken hilabeteetan Frantzian lortu duen hirugarren kontratua dela honakoa.