Gela bat, herriko plaza
Olaberriko erabilera anitzeko gela jasangarria da, behar duena baino energia gehiago sortzen duelako. Eguberrien aurretik beste ekintzaren bat egin nahi dute.
Ostiralean ireki zuten Olaberriko erabilera anitzeko gela. Baloraziorik egiteko «garaiz» den arren, jendearen harrera «oso ona» izan dela dio Jokin Garmendia alkateak. Haren esanetan, «aspalditik» zeukaten halako gela bat sortzeko xedea: «Herritarren artean bilgune bat sortzea da espazio honen helburua. Ekintza kulturalak, gastronomia ekitaldiak edo eta kongresuak egitea da gure asmoa».
Aretoa eraikitzeko baldintza nagusia inguruarekiko jasangarria izatea zen. Garmendiak dioenez, eraikin «pasibo» bat sortu dute, hau da, ahalik eta energia gutxien kontsumitzen duen espazio bat. Kasu honetan, eraikinak berak, «energia gehiago sortzen du jaten duena baino». Eszedente asko daukanez, berogailua eta beste zenbait gauzetarako erabiltzen du ia energia guztia. Tamainari dagokionez, 300 metro kuadro baino zertxobait gehiago ditu, eta 220 lagun elkartzeko kapazitatea. Horretaz gain, areto diafanoa izanik, barrutik nahi bezala egokitzeko aukera ematen du: eszenatokia kendu, mahaiak jarri edo eta beste edozein aldaketa egiteko.
«Herritarren artean bilgune bat sortzea da espazio honen helburua. Ekintza kulturalak, gastronomia ekitaldiak edo eta kongresuak egitea da gure asmoa»
Jokin Garmendia. Olaberriko alkatea
Beste zeharkako helburu batzuen artean, herrigunea txukuntzea ere badago. Zezilionea ostatuaren atzealdean eraiki dute espazioa, Elizegiberri edo Tabernatxiki gisara ezagutzen zen etxearen lekuan. Horrela, lehengo etxe zaharraren tokian espazio berri bat sortu dute, herritarren mesederako erabiliko dutena. Milioi bat pasa euroko kostua izan du eraikinak eta bi urte behar izan dituzte obrak amaitzeko.
Estreinaldi «paregabea» izan zuen ostiralean erabilera anitzeko gelak, eta espazioa lepo bete zen Izaro abeslariaren kontzertuaren harira. Oraingoz beste ekitaldirik lotuta ez daukaten arren, Gabonak baino lehen zerbait antolatzea gustatuko litzaiekeela dio alkateak.