Igartza-Oleta kaleko biribilgunea egiteko lanak bukatu dituzte
Zebrabide berri bat eta berdegune bat gehiago izango dituzte eremuan. Segurtasuna hobetzea izan da helburu nagusia.
Beasaingo Igartza-Oleta kaleko hobekuntza-lanak amaitu dituzte. Aldaketarik nabarmenena, Igartza-Oleta, Florentzio Axpe eta Usategi kaleen arteko bidegurutzea zegoen tokian biribilgune bat eraikitzea izan da. Oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzeko diseinatutako biribilgunea da, zapalgarria da, eta asfalto inprimatuz eginda dago. Horrek ibilgailuen abiadura murrizten eta erabiltzaile guztien ikusgarritasuna hobetzen laguntzen du. Beasaingo Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planean, bidegurutze hori arrisku puntu nabarmena zela ondorioztatu ondoren gauzatu da proiektu hau.
Eremu horretako bide-segurtasuna hobetzeko jardueren esparruan ere, zebrabide berri bat egin dute, Loinatz futbol-zelaiko aparkalekuaren eta Igartza Oleta kalearen artean. Gainera, berdegune berri bat sortu dute. Zuhaitz eta landare ilara bat landatu da espaloiaren ertzean.