LABO GEO: kultura herri txikietara gerturatzeko ekimena
Irailaren 21ean eta 22an izango da LABO GEO ekimena Mutiloan. Dantza garaikidean oinarritutako hiru emanaldi eskainiko dituzte. Autobus bat jarriko da Donostiako eta Tolosako bisitariak hartzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak eta NODE, Donostiako dantza, performance eta ikus entzunezko konpainiak LABO GEO egitasmoa aurkeztu dute. Gorputza eta ondarea izenburupean, egitasmoak kultur eskaintza Gipuzkoako udalerri txikietara gerturatzea du helburu. Baita, bide batez, landa eremuko udalerrietako ondarea balioan jartzea ere. Mutiloan, Larraulen eta Altzon garatuko da aurten ekimena irailean zehar. Mutiloan, hilaren 21ean eta 22an dantza garaikidean oinarritutako hiru ikuskizun eskainiko dituzte.
NODE 2016an sortu zuten Donostian Ana Barrantes eta Ion Estalak eta haien ekimenez sortu da LABO GEO Gorputza eta ondarea ekimena, aldundiko kultura departamentuaren babesean. Hain zuzen, «LABO GEO ekimena aukera bikaina da kultura hiriburutik haratago eraman eta herri txikiagoetara gerturatzeko», esan du Goizane Alvarez kultura diputatuak. Horrelako jarduerek, tokiko ondareari balioa emateaz gain, «landa udalerrietako kultur bizimodua aberasten» dutela azpimarratu du.
Mutiloa bezalako herri txikiek beren mugak dituzte sarri, kultur ekintzak antolatzerako orduan. «Azken urteetan saiatzen ari gara kultur ekintzak herrira ekartzen, baina ez da erraza, diru laguntzarik ezean. Aurrekontu handiak izaten dituzte, eta guretzako oso mugatua da», dio Iñaki Ugalde alkateak. Horregatik, ongi etorriak izaten dira beti mota honetako ekimenak.
Ikastaroa eta emanaldia
Ekimenak formatu bera edukiko du hiru udalerrietan. Larunbatean artearekin eta kulturarekin lotutako ikastaroak eskainiko dituzte, «herritarren eta sortzaileen arteko topalekua» izango direnak, eta igandean, emanaldien txanda izango da. LABO GEOk Larraulen hasiko du aurtengo egitaraua irailaren 14an eta 15ean eta Altzon amaituko da hilaren 28an eta 29an. Tartean, Mutiloan egingo du geldialdia irailaren 21ean eta 22an. Mugimendu, ahots eta platika ikastaroa eskainiko dute 21ean eta biharamunean, Borja Bordonaberen Solo, Neri(h)ariren Nere azalean arrotz eta Larrua proiektuaren Idi begi eskainiko dituzte.
Herri txikietara kultura gerturatzeaz gain, hirietako edo herri handiagoetako bizilagunei landa ingurunea ezagutu eta testuinguru ezberdin batean kulturaz gozatzeko aukera ere eskaintzen du ekimenak. Horregatik, autobus bat antolatuko dute Donostian eta Tolosan bisitariak hartzeko.