«Euskal Herriko sagardoa geroz eta hobeto ikusten dut»
Mikel Rodriguezek (Zumarraga, 1980) Zuhaizti eta Laket tabernetan hasi zuen bere ibilbidea. Egun, hiru gasolindegitako bazkide da. Sagardoan aditua da.
Nolatan hasi zinen ostalaritza munduan?
Kasualitatez hasi nintzen. Irakasle izateko ikasketak egiten nituen bitartean, asteburuetan Urretxuko Zuhaizti tabernan lan egiten hasi nintzen. Ekain batean hasi nintzen, asteburuetan. Udan hartan egun osoz aritu nintzen eta, azkenean, bost urte eman nituen bertan. Astegunetan Zuhaiztin lan egiten nuen eta larunbatetan Laketen. Zuhaiztin lan egiten nuen gehienbat.
Zergatik gustatu zitzaizun ofizioa?
Zerbitzatzea asko gustatzen zait, baina ez dakit zergatik. Nire bidea hautatzeko garaia heldu zenean, ostalaritza gustatu egiten zitzaidala konturatu nintzen. Horrek ez du esan nahi egunero lanera gustura zoazenik. Egia esan, zerbitzatzen ari naizenean, arazo guztiak ahazten ditut. Jendearekin harremana izatea, jendea gozatzen ikustea, gure lanak jendea pozten duela ikustea… asko gustatzen zait.
Jose Mari Lete izan zen zure maisua.
Hala da. Aholku eta lezio asko eman zizkidan berarekin lan egin nuen urteetan. Egunero. Bere esperientziak markatu egin nau. Berak urteetako lanaren ondoren ikasi zituen gauzak, berehala transmititzen zizkidan. Abantailarekin jokatzen ari zara. Niri urte asko kosta zitzaidan honetaz konturatzea eta zuk nik baino 20 urte gutxiago dituzu, esaten zidan.
«Nire bidea hautatzeko garaia heldu zenean, ostalaritza gustatu egiten zitzaidala konturatu nintzen. Horrek ez du esan nahi egunero lanera gustura zoazenik»
Noiz hasi zinen N-1 errepideko Tolosaldea jatetxean?
2006an. 18 urte daramatzat bertan.
Aspalditik ardo kontuan aditua zara, baina egun sagardo kontuan aditua zarelako ere bazara ezaguna.
Zumarragan, Beasainen… Tolosan baino ardo gehiago edaten da. Tolosan sagardozale amorratuak dira. Legorretatik hara, sagardozaleak dira. Oso kultura ezberdinak dira. Han sagardo asko edaten du jendeak. Sagardo ezberdinak, gainera. Horretaz gain, gure jatetxea errepidean dago eta bertan alkohol gutxi edaten da. Hori guztia dela-eta, gure bezeroei sagardo ezberdinak eskaintzea pentsatu genuen. Isastegirekin lan egiten genuen eta Isastegiko Migel Marik proiektu hori aurrera eramatera animatu gintuen. Sei sagardo ezberdinekin hasi ginen eta arrakasta izan genuen. Pixkanaka sagardo eskaintza handitu genuen. Ondoren, Migel Mariren eskutik, sagardo txapelketetara joaten hasi nintzen, epaile bezala.
Noren eskutik ikasi zenuen sagardoaz dakizun guztia?
Fraisoron ikastaro batzuk egin nituen. Oso interesgarriak ziren, baina egunean egoteko denbora asko eskaini behar zaio. Lan estra bat da. Gauza puntualetara bakarrik joaten naiz. Sagardo Forumera, adibidez, oso gustura joaten naiz. Bertan, munduko sagardo ezberdinak probatzeko aukera duzu: Alemaniakoak, Irlandakoak, Italiakoak…
Zer moduz ikusten duzu Euskal Herriko sagardoa?
Oso ondo. Geroz eta hobeto. Sagardoa bideratu egin nahi zuten, baina talde ezberdinak sortu ziren eta ahalegin ezberdinak egin ziren. Elkartu eta Euskal Sagardoa sortu zutenetik, kalitatea asko igo da.
«Betidanik ezagutzen dugun botila berdeaz gain, beste sagardo asko daude. Horrek jolasteko aukera ematen du»
Zer eman dizu sagardo munduak?
Mundu berri baten ateak ireki dizkit. Ardoarekin gertatzen den bezala, sagardo mota asko daude: hemengo sagardo tradizionala, atzerrikoak, sagardoa egiteko modu ezberdinak, sagar ardoak, izotzeko sagardoa… Betidanik ezagutzen dugun botila berdeaz gain, beste sagardo asko daude. Horrek jolasteko aukera ematen du.
Zuri ze sagardo mota gustatzen zaizu?
Unearen arabera. Ardoarekin bezala gertatzen da: poteatzeko urteko ardoa eta bazkaltzeko ardo ondua. Santa Barbaran edo Antion bazaude lagunekin, sagardo arin bat nahi duzu, egarria kentzeko, jostagarria… Bazkaltzen baldin bazaude, ez da gauza bera entsalada bat edo txuleta bat. Entsalada batekin sagardo arina ondo doa, baina txuletarekin sagardo lehorra, garratzagoa, behar duzu: ahoa gehiago garbitzen dizuna, hurrengo mokaduan gantza hobeto dastatzeko.
Legorretatik harago sagardozaletasun handia dagoela esan duzu, baina Goierrin ere hainbat sagardotegi daude.
Hala da. Oihartekoa, adibidez, izar bat da. Oso gauza onak egiten ditu.
Zer moduz N-1 errepideko Tolosaldea jatetxean?
Lau bazkide gara eta hiru gasolindegi ditugu: Tolosaldea eta Zumarraga-Beasain autobideko biak.
«Pelik [Jose Mari Lete] esaten duen gure lana herrian ikasitakoa errepidera eramatea zela»
Tolosakoan denetik eskaintzen duzue.
Denetik: pintxoak, ogitartekoak, errazioak, plater konbinatuak, eguneko menua eta menu berezia.
Gipuzkoako gasolindegi ezagunenetako bat izatea lortu duzue. Nola?
Normalean, errepideetako tabernak eta jatetxeak hotzak izaten dira. Asko, ostalaritza gustatzen zaion jendeari lotsa emateko modukoak izaten dira. Pelik [Jose Mari Lete] gure lana herrian ikasitakoa errepidera eramatea zela esaten zuen.
Ze bezero dituzue?
Gehienak bertakoak dira. Hondartzatik, ospitaletik, Realaren partida ikustetik… etxera doazen askok gurean gelditzeko ohitura dute. Inguruko langile asko ere gurera etortzen dira bazkaltzera. Inguruko herrietako gazte kuadrillak ere etortzen dira. Goizeko ordubatak arte egoten dira bertan, gu Urretxuko Osaba tabernako terrazan egoten ginen bezala. Ezin gara kexatu.
«Bezero gehienak bertakoak dira. Hondartzatik, ospitaletik, Realaren partida ikustetik… etxera doazen askok gurean gelditzeko ohitura dute»
Zuena lan gogorra al da?
Gure langileek lan ordutegia dute eta guk, Pelik esaten zuen moduan, perdigoiarekin tiro egin behar dugunean perdigoiarekin tiro egiten dugu eta balarekin tiro egin behar dugunean, balarekin. Azkenaldian bala asko… Nahikoa langile duzunean ondo moldatzen zara eta langile falta duzunean denbora gehiago eman behar duzu bertan.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Gauza asko eskaintzen dizkigute, baina eskuartean dugunarekin nahikoa dugu. Gauzak pixkanaka egin behar dira. Bestela, kolpea sekulakoa izan daiteke. Ez da bidezidorrik hartu behar. Trena trenbide gainean dugu eta lanean gogor jarraitzea da kontua.