Itziar Agirrek Ogasun eta Finantza diputatu kargua hartu du
Itziar Agirrek atzo jarri zuen Ogasun eta Finantza diputatuari dagokion lepokoa. Berriki zendutako Jokin Perona diputatuaren kargua beteko du aurrerantzean Agirrek. Eider Mendoza diputatu nagusiak jarri zion lepokoa Itziar Agirreri, eta bertan izan ziren foru gobernua osatzen duten gainerako diputatuak ere.
Ekitaldiaren hasieran Eider Mendoza diputatu nagusiak hartu zuen hitza, eta Agirreri eskerrak eman zizkion Gipuzkoako Ogasuna zuzentzeko ardura bere gain hartuta erakutsi duen “zerbitzu publikoekiko bokazioagatik” eta Gipuzkoarekiko “konpromisoagatik”. Foru gobernu osoaren izenean, zorte ona opatu zion diputatu berriari, eta “elkarlanean aritzeko erabateko borondatea” eskaini zion zeregin kolektibo horretan. “Ogasun eredugarria dugu, berritzailea, eta une oro aldatzen ari den gizarte eta ekonomiaren erronkei aurre egiten ari dena. Gaurkoan, bertan lan egiten duten pertsona guztien lana aitortu nahi dut, funtsezko zerbitzua baita gure lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako, bai eta Gipuzkoako gizartea osatzen dugun pertsona guztion ongizaterako ere”, adierazi zuen.
Jokin Perona ere gogoan izan zuen. Haren “entrega, ikuspegia eta izaera positiboa” eredu “pertsonal” eta “profesionala” izango direla gobernua osatzen dutenentzat. “Haren eredua gogoan, inoiz baino gehiago berresten dugu pertsona guztien ongizatearen alde elkarlanean lanean jarraitzeko determinazioaren konpromisoa. Bere omenez egin dezakegun omenaldirik onena da”, ziurtatu zuen.
Lepokoa jaso ostean, Itziar Agirrek hartu zuen hitza. Diputatu nagusiari eskertu Ogasun eta Finantza diputatu kargua hartzeko berarengan jarritako konfiantza eskertu zion, eta Jokin Peronaren bideari jarraitzeko asmoa azaldu zuen. “Fiskalitatetik, jarduera ekonomikoa eta gizarte kohesioa sostengatzeko lan egiten zuen. Gipuzkoako ongizate sozioekonomikoa bermatzeko lan egiten zuen. Erronka ugari ditu aurretik dugun legealdiak. Besteak beste, etorkizuneko erreforma fiskala”, nabarmendu du Agirrek.
Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuordea izan da 2017tik, eta horren aurretik Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerga Administrazioko zuzendari gisa jardun zuen. Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, zuzenbide juridiko ekonomikoan espezializatua, eta Euskadiko Zuzenbide Autonomikoari buruzko espezializazio diploma ere badu. Horrez gain, UNEDeko Giza Baliabideen Zuzendaritzako unibertsitateko aditu titulua du, eta Gipuzkoako Bazkundearen eta Mondragon Unibertsitatearen MBA Executive masterra egina da. Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatu izan baino lehen beste erakunde publiko batzuetan aritua da, hala nola Gipuzkoako Batzar Nagusietan, batzarkide izan baitzen 2007tik 2013ra. Horretaz guztiaz gian, Urretxuko Udaleko zinegotzia da 2003tik.