«Gai serioez jarduteko umorearen begirada jartzea da satira»
‘Carliscaturas’ aldi baterako erakusketaren egitarauaren harira, XIX. mendeko prentsa satirikoari buruzko hitzaldia eskainiko du Mikel Alberdi (Irun, 1962) artxibo arduradunak, bihar, 19:00etatik aurrera, museoan.
Zumalakarregi museoak Lizarrako Karlismoaren museoarekin elkarlanean Carliscaturas: umorea lubaki gisa erakusketa ireki zuen maiatzean. Cesar Oroz ilustratzaile nafarrak Karlismoaren museorako XIX. mendeko mugimendu honi egindako begirada satirikoa da erakusketaren oinarria. Zumalakarregi museoak bere bildumako XIX. mendeko aldizkari satirikoak ipini ditu ikusgai erakusketa honen osagarri.
Zer da satira?
Gai serioez jarduteko umorearen begirada jartzea da satira. Gure bildumako XIX. mendeko aldizkari satirikoei erreferentzia eginez, Bigarren Karlistaldiari (1872-76) buruzko begirada umoristikoa aurkitu dezakegu. Kontrakoa iruditu arren, ez da batera gauza erraza, gerra bezalako gai gordin baten inguruan jarduteko umorea erabiltzea.
XIX. mendea gakoa da aldizkari satirikoen sorreran?
Espainian, 1868ko Iraultza edo Iraultza Loriatsua gertatzen denean, Isabel II. Borboikoa tronutik botako dute. Beste zenbait gauzaren artean, garai horretan sortuko da nolabaiteko prentsa askatasuna. Ordura arte bazeuden aldizkari satiriko batzuk, baina hortik aurrera sekulako eztanda gertatuko da eta aldizkari pila bat sortuko dira. Horrek sortuko du noski, ilustratzaile oso onak egotea.
Zeintzuk ziren garai hartako karikaturagileak?
Normalean, ilustratzaileak ziren, baina aldi berean lan ezberdinak egiten zituen jendea zen. Pixkanaka espezializatuz joan ziren. Tomas Padro (Bartzelona 1840-77) edo Jose Luis Pellicer (Bartzelona, 1842-1901) erreferenteak izango dira. Esan beharra dago XIX. mendeko aldizkari satiriko gehienak Herrialde Katalanetan —horietako asko katalanez argitaratuta— eta Madrilen sortuak izan zirela. Euskal Herria oso gutxi izan ziren.
«Ez da batera gauza erraza, gerra bezalako gai gordin baten inguruan jarduteko umorea erabiltzea»
Hitzaldia XIX. mendeko azken 30 urteen testuinguruan kokatuko duzu.
Aldizkari satirikoak finkatuko diren garaia da, baina horrek ez du esan nahi zentsurarik jasaten ez zutenik. Horregatik, sarri aldizkariak izenez aldatzera behartuta zeuden. Hori da besteren artean, La Flaca izeneko aldizkariaren kasua: bospasei aldiz aldatu zuen izena zentsuratik ihes egiteko eta La Madeja, La Risa edo La Carcajada izenburupean ere argitaratu zen. Hainbat ilustratzaileri ere eragin zien zentsurak: Eduardo Sojok (Madril 1849-1908), adibidez, Argentinara joan behar izan zuen kartzela saihesteko.
Hitzaldia ‘Carliscaturak’ erakusketaren harira antolatu da. Zer harrera izaten ari da?
Asko Cesar Oroz bera ezagutzen dutelako etorri dira, jarraitzaile asko ditu. Hitzaldi bat ere egin zuen ekainean —ikusgai Zumalakarregiren Youtubeko kanalean—. Biharko hitzaldiaz gain, urrian Pernan Goñi ilustratzaileak karikaturari buruzko ikastaro bat eskainiko du.