Ekaitz Goikoetxearen 'Naparrak gara gu ere' bertso sorta Hitzetik Hortzeran
Jose Migel Etxeberria Alvarez 'Naparra'-ren inguruko sorta jarri du bertsolari beasaindarrak. Larunbatean hasi zen bertsolaritzari buruzko saioaren denboraldi berria. Bideoa, albiste barruan.
Hitzetik Hortzerak aurtengo denboraldian ere bertso jarri musikatuak eskainiko ditu. Lehenengo sorta larunbatean eskaini zuen, denboraldiko lehen programan. Ekaitz Goikoetxea bertsolariaren Naparrak gara gu ere sorta izan zen, Manex Pagolak musikatua. Jose Migel Etxeberria Álvarez Naparra-ren inguruko sorta jarri du bertsolari beasaindarrak. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen. 1980an Ipar Euskal Herrian bahitu eta hil zuten. Ez da haren gorpurik agertu.
Bertsoa.eus webgunean ikus daiteke bideoa.
Naparrak gara gu ere
1.- Labriteko lur arrailatua,
Brocaseko orubea,
Cauteretseko hilotzak ere
sarri izan gaitu beha.
Iraganean utzi ditugu
aizkora eta sugea,
kontzientziei bertsoz eragin
nahi nieke azkurea,
kasu handirik egin ez zaion
kasua baita zurea.
2. Ithakan zortzi sahats negarti,
Arkadian hiru pago,
egonarriak badaki zer den
hitza jatea berbaro.
Egunak eta gauak ez dira
pasa bezala igaro,
nahiz ta suari egurra bota
ta hezurrei lur gehiago,
mina ezin da ezkutatu ta
ordezkatzerik ez dago.
3. Urmaelean hogei uroilo,
artadian hamar miru,
esperantzara kondenatuoi
hiltzea al dagokigu?
Sekretupeko karpeta eta
dokumentuen gatibu,
txoria maite duen herrian
isiltasuna ari du,
egiari zor egiari zer
zor diogun ez dakigu.
4. Argi postean txantxangorri bat
ostertzean zazpi kaio,
bortxatutako malkoetatik
ez da itsasorik jaio.
Guk herri deitzen diogu baina
ze herri ta ze arraio,
begiak ixten zaizkionean
minak ez daki nora jo,
ahanztura lekuz aldatzeari
barkamena deitzen zaio.
5. Galsoroan sei amilotx urdin,
teilapean bi enara,
Celesen bisai abegikorra,
Patxikuren begirada…
Arrasto baten ilusioa,
aitortza baten zirrara,
estatuaren estolderiei
atximurka ari gara,
itxaropena etorkizunik
badela sinestea da.
6.- Errepidean lau barraskilo,
basoan bost etxabere,
burdina hesi, karea lokatz
ta legerik eza lege,
bolanteari temati heltzen
jarraitzen dugu halere,
zure argia, zure itzala,
zu besarkatzea xede,
burugogor ta egoskorrean
Naparrak gara gu ere.