Elikadura osasungarriaren eskubidea landuko dute Biziolan
Ostiralean hainbat esperientzia ezagutu eta gaia kokatzeko jardunaldia egingo dute. Urriaren 25ean, bigarren zatian, ekintza plan bat diseinatuko dute.
Lazkaoko Biziolan Denok elikatzeko ekin izeneko jardunaldi bikoitza aste honetan hasiko da. Goierriko elikadura osasungarrirako eskubidea lantzeko bi jardunaldi antolatu dituzte, lehena irailaren 20rako eta bigarren zatia urriaren 25erako, Kutxa Fundazioaren eta Arantzazulab-en Hitzetatik Ekintzetara ekimenaren barruan.
Elikadura osasungarria bermatzeko, etorkizunean elikagai osasungarrien eskuragarritasuna zaindu behar dela azalduko dute jardunaldietan. «Tartean sartzen dira nekazaritzako erreleboa, ezagutza transmititzea eta elikadura-heziketa. Izan ere, ez baita berdina jatea ala elikatzea», aurreratu du Biziolak. Irekia da parte-hartzea, Biziolan bertan izena emanda.
Ostiralean, 09:30etik 13:30era, gaiaren kokapena, testuingurua osatzeko hausnarketa eta fokua finkatuko dituzte. Bizilur elkartearen eta Orduñako Zapalan elkartearen esperientziak azalduko dituzte gero.
Urriaren 25eko saioan ekintza plan bat egituratuko dute.
Jardunaldiaren egitaraua:
Irailak 22, ostirala:
- 09:30. Ongietorria eta aurkezpen erronda.
- 09:45. Proiektuaren kokapena.
- 10:00. Elikadura eskubidearen testuingurua osatzeko hausnarketa saioa.
- 10:45. Ariketaren sintesia: ‘Non jarri behar dugu fokua?’.
- 11:00. Kafe-atsedena.
- 11:30. Esperientziak ezagutzen:
– “Zer jaten dute gaizki jaten dutenek EAEn?” liburuaren aurkezpena Bizilur elkartearen eskutik.
– Orduñako esperientzia, Zapalan Elkartearekin.
– Beste esperientzia batzuk laburrean. - 12:00. Gertakari, esperientzien bilketa eta partekatzea.
- 12:30. Ekintzarako aukerak arakatzen lankidetzatik.
- 13:30. Itxiera.
Urriak 25, ostirala
- 09:30. Ongietorria.
- 09:40. Aurreko saioko laburpena eta ekintza aukeren aurkezpena.
- 10:00. Ekintza-planen egituraketarako lan-saioa.
- 12:00. Itxiera.
Biziolak udaberrian hasi zuen elikadura osasungarriaren eskubidearen lanketa. Tartean, Guk markoa, Zuk argazkia ekimena gauzatu dute, herritarren parte-hartzea bultzatu eta gaiarekiko jarrera kritikoa pizteko.Ekimen horretan jasotako irudiekin, atzo erakusketa jarri zuten Biziolan bertan. “Hausnarketarako tresna sortu nahi” dute. Irailaren 30era arte egongo da.