Herri txikietako etxebizitzak hizpide udako ikastaroan
Ostiral honetan egingo dute ikastaroa Zerainen, ‘Herri txikiak aurrera begira: XXI. mendeko herri eta komunitate bizientzat etxebizitzak’ izenburupean.
XXI. mendean landa eremuko etxebizitzek izan beharreko ezaugarriei buruzko hausnarketa bultzatuko dute ostiral honetan Zerainen, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak eta ZerainLab fundazioek antolatutako saioan. Herri txikiak aurrera begira: XXI. mendeko herri eta komunitate bizientzat etxebizitzak izenburua eman diote ikastaroari eta hainbat diziplinetan adituak diren profesionalak gonbidatu dituzte.
Uda ikastaro honetan, “aurreko urteetako bideari jarraituz”, herri txikien etorkizuna izango da gidalerro. Etxebizitzaren gaiari erreparatuko diote zehazkiago, “herri bizitzaren eta komunitatearen ikuspegitik” begiratu ere. Hortik etxe motari —baserri, txalet, pisu…— eta haren izaerari —kooperatiba, jabetza pribatu, publiko, alokairuko…— buruz hausnartzea bultzatuko dute.
Arkitekturan, landa garapenean edo soziologian adituak diren pertsonek parte hartuko dute ostiraleko saioan. Parte hartzeko izena eman behar da aurretik. Interesatuek Uda Ikastaroen web gunean sartuta eman beharko dute izena, G26-24 kodea duen ikastaroa aukeratuta. Zeraindarrek labzerain@gmail.com-era idatzita edo 635 724 039 zenbakira deituta eman dezakete izena. Ikastaroa Zeraingo elizan eskainiko da euskaraz, eta 15 euroko prezioa eta 10 orduko balio akademikoa ditu —zeraindarrek ez dute ezer ordaindu beharko—. Amaitzeko bazkaria izango da hizlari eta parte hartzaileentzat. Bazkarira joan nahi duenak izena ematerako orduan jakinarazi beharko du. Txartelak 15 eurotan jarri dituzte salgai.
Egitaraua:
- 9:00-9:30. Ongi etorriko kafea eta erregistroa.
- 9:30-9:45. Ongi etorria eta ikastaroaren irekiera. Sarrerako hitzak.
- Ion Muñoa Errasti. Deustuko unibertsitatea. Ikastaroaren zuzendaria.
- Andoni Eizagirre Eizagirre. Mondragon unibertsitatea. Ikastaroaren zuzendaria.
- 9:45-10:45. Etxea eta baserria gurean: familia eta gizartearen antolaketa berezia
- Igone Etxebarria Zamalloa. Labayru fundazioa.
- Arkaitz Kamiruaga Garitanonandia. Labayru fundazioa.
- 10:45-11:45. Herriaren antolaketa parte hartzearen bidez.
- Koldo Telleria Andueza. EHUko irakaslea, arkitekto urbanista.
- 11:45-12:15. Atsedena eta kafea.
- 12:15-12:50. Herri txikiak eta etxebizitza kooperatiboa.
- Arianne Kareaga Irazabalbeitia. Mondragon unibertsitateko irakaslea.
- 12:50-13:25. Etxebizitzen sustapena Gipuzkoako landa herrietan.
- Xabier Arruti Olazabal. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua.
- 13:25-13:45. Ondorioak eta aurrera begirakoei buruzko solasaldi irekia hizlari eta entzuleen artean.
- 14:00. Itxiera.
- 14:30. Bazkaria hizlari eta parte hartzaileentzat.