Joseba Iztuetaren eta Ekaitz Maizen Amaiur Peak igoera Urrezko Pioleta sarirako hautagaia da
Abenduan banatuko dute mendizaletasun arloko izendapen hori. Munduko 68 igoerarik onenen zerrenda atera dute orain. Beste hiru euskal espedizioa ere badaude.
Joseba Iztueta gabiriarrak eta legazpiar jatorriko Ekaitz Maizek 2023ko udan koroatu zuten Amaiur Peak gailurrak eztia ematen jarraitzen du. Gaur jakin denez, alpinismoaren arloko Urrezko Pioleta 2024 sarietarako izendatuta dago. Mundu osoko iazko 68 igoera onenak, berritzaileenak edo esanguratsuenak aukeratu dituzte Lindsay Griffinek, Dougald MacDonaldek (American Alpine Journalekoak) eta Rodolphe Popierrek (Club Alpin Françaisekoa), eta tartean dago Iztuetaren eta Maizen balentria.
Inork inoiz igo gabeko mendi-harkaitz zorrotz batean eskalada-bidea ireki zuten 2023ko uztailaren 16an Iztuetak eta Maizek. Zanskar eskualdean, India eta Pakistan mugako Himalayan, Ladakh mendigunean hainbat espedizio egin zituzten. Horien artean, eurek hala izendatuko zuten Amaiur Peak zegoen (5.760m).
Urrezko Pioleta abenduaren 8tik 11ra bitartean emango dute, San Martino di Castrozzan (Italia). Iztueta-Maiz bikotearen igoerarekin batera, beste hiru euskal espedizio ere sartu dituzte aurre-zerrendan: Koldo Zubimendiren Kharut II-koa; Julen Berrueko, Tasio Martin eta Jon Inorizaren Gulbakoa; eta Iker eta Eneko Pou ancien Ranrapalcakoa. Urrezko Pioletik jaso duen euskal mendizalerik ez da izan, orain arte.