CAF taldeko enpresen arteko mahaia osatu du LAB sindikatuak
Astelehenean bildu zen lantaldea, lantegi bakoitzaren egoera aztertzeko eta esperientzia desberdinak partekatzeko.
LAB sindikatuak indarrak batu nahi ditu eta CAF taldeko hainbat zentrotan dituen ordezkarien mahaia osatu du, “langileon antolakuntza indartzea eta hedatzea behar delako”. Astelehenean bildu zen lantaldea, lantegi bakoitzaren egoera aztertzeko eta esperientzia desberdinak partekatzeko.
Bileraren ondoren LAB sindikatutik ondorioztatu dute, “CAFek trenbide-materiala eraikitzeko enpresa izateari utzi eta ‘mugikortasun iraunkorreko sistemen’ enpresa izaera” hartu duela azken urteetan. Aldaketa hori, “ez da estetikoa soilik, eta dibertsifikazio-politika horrek langileen atomizazio oso kalkulatua eta lan-baldintzen prekarizazioa dakar lotuta”.
Datuei erreparatuz, 2023 urtekoak hartzen ditu kontutan LABek, “CAFek 77 milioi euro baino gehiago jaso zituen dibidendu gisa taldearen filialetatik”, baina “enpresako zuzendaritzak berriz, filialetako lan-baldintzak okertzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du, hitzarmen desberdinak aplikatuz, lan-baldintzak indibidualizatuz, antolakuntza sindikala oztopatuz,… azken batean, langileen kontura prozesuak merkatzea eta lan-baldintzak okertzea bilatuz”.
CAF taldeak gutxienez 18 enpresa ditu Euskal Herrian, eta hauetan zuzenean 5.000 langile inguru ditu. Une honetan, LAB sindikatuak horietako zazpitan du ordezkaritza (CAF Beasain, CAF Irun, Rail Line (Ibarra), TRENASA (Castejón), CAF TTC (Corella), CAF TE Lebario eta CAF TE Gasteiz), ekoizpen-lantegietako indar nagusia da eta hegoaldeko lau herrialdeetan ordezkaritza duen sindikatu bakarra da.