Diziplinarteko eduki ugarirekin hornituko dute Ataungo Natur Zikloa
Larunbatean hasiko da bosgarren egitaraua, inoizko luzeena eta anitzena. Natura eta haren zaintza ditu oinarri.
Ataungo Otsotarrak elkarteak naturaren eta zaintzaren beharra gizarteratuko du, beste behin. Larunbatean hasiko da V. Natur Zikloaren egitaraua. Aurten Asteklimarik egingo ez denez hortik kanpora geratu bada ere, inoizko egitarau luzeena, anitzena eta mamitsuena izango du. Zortzi egunetan bederatzi ekitaldirekin, hilabete eta erdi iraungo du.
Orain arteko lanketa tematikoa lausotuta, gai bakarra aukeratu eta hura jorratu beharrean, naturarekin lotutako erpin ugari ukituko dituzte aurten. «Normalean krisi ekosoziala, biodibertsitatea eta larrialdi klimatikoa izaten dira gaiak. Denak lotuta daude, eta horien bueltan ariko gara, ezer zehatzean zentratu gabe, denetik», aurreratu du Jon Fontenlak.
Publiko guztiarentzat egitaraua prestatu dute. Zapatuko antzerkia, esate baterako, umeei zuzenduta da, eta mendi ibilaldia ere familientzat da. Ataun guztian barreiatuko dituzte ekitaldiak.
Beste berritasun bat diziplina aniztasuna da. Kultura alderdiari eta artistikoari lekua eman diote, bertso, antzerki eta dantzaz. Arlo asko, «erdigunean beti natura eta naturaren zaintza jarrita».
Egitaraua: Ataungo 5. Natur Zikloa
- Irailak 21, larunbata: ‘Batetik bestera’ antzerkia. San Martingo plazan, 17:30.
- Irailak 27: ‘Zuhaitzekin solasean’ dantza. Nazako zelaian, 17:30.
- Irailak 27: Bertso afarian Maialen Lujanbio eta Eli Pagola. Haitzarri elkartean (Aia), 20:00.
- Urriak 6: Auzolana.
- Urriak 10: ‘Iraunkortasuna eta feminismoa’ hitzaldia, Mirene Begiristain eta Nora Salbotx. Artadin, 18:30.
- Urriak 17: ‘Krisi energetikoa’ solasaldia, Alvaro Campos (EHU). Udaletxean, 18:30.
- Urriak 23: Josebe Blanco artzainaren liburu aurkezpena. Udaletxean, 18:30.
- Urriak 26: Mendi ibilaldia Aiako plazatik abiatuta, 09:00.