Hiru hamarkada kontsumo kontzientea bultzatuz
Datorren igandean ospatuko da Zerainen, urteroko azoka ekologikoa. Aurten, 30 urte beteko ditu. Azoka frontoitik plazara itzuliko da berriz.
Zeraingo azoka ekologikoak 30 urte beteko ditu aurten, eta urtemuga honek mugarri bihurtuko du Gipuzkoan. Orain hiru hamarkada Zerainen antolatu zen lurraldeko lehendabiziko azoka ekologikoa, «bizimodu eta kontsumo kontzienteagoa» bultzatzeko asmoz eta helburuz. Ordutik, azoka aldatuz, handituz joan da, baina ez ditu hasierako oinarriak ahaztu. Datorren igandean, irailak 22, ospatuko da berriz Zerainen azoka ekologikoa Biolurrek, Zerain Dezagun fundazioak, Eko Lurrak eta Biziolak, Zeraingo Udalaren laguntzarekin antolatuta. Azokak itxiko du, hain zuzen, irailaren 10ean hasi zen Goierriko 15. Hamabostaldi Ekologikoa.
Gaur egun, ez da arrotza egiten ekologiaz hitz egitea, eta orokorrean, sinesmen kolektiboan barneratuta dago produktu ekologikoak kontsumitzeak pertsonen osasunean eragin positiboak dituela pentsatzea. Baina, hori ez zen horrela orain 30 urte eta Zeraingo azoka ekologikoak aldaketarako bide hori zabaltzen lagundu zuen.
Merkatu bat baino gehiago
Zeraingo azoka ekologikoak «ingurunearekin harreman osasutsu bat bermatuz eta eredu sozio-produktibo gizatiar eta kalitatezko baten aldeko apustua berretsiz, etorkizunerantz aurrera egiteko apustuari erantzuten dio, eta 30 urte beranduago Goierri osoan erreferente izaten jarraitzen du», azpimarratu dute antolatzaileek.
Apustu horren oinarrian azpimarra egiten diete ekoizleei batetik; eta erosleei, bestetik: «Azoka ekologikoa ez da merkatu bat; ekoizleen eta herritarren arteko topagune bat baizik». Are, azoka jai giroko ekintza bat da, eta oinarrizko landa-tradizioko elementuak ezagutzeko gune bat ere izan da: «Muztioa eskuz egitea, egur-ikatza ekoiztea, arropa errautsetatik garbitzea…». Aldi berean, artisau txikien ekoizpenak osatzen du urtero, azoka.
Aurten, Biolurreko 18 ekoizlek eta beste 13 artisauek jarriko dituzte postuak Zerainen. Gehienak, urteroko hitzordura hutsik egiten ez duten goierritarrak dira. Barazkiak, gaztak, marmeladak, haziak, ogia, fruta… izango dira aukeran, besteren artean, igandean. Artisauen artean ere guztiak goierritarrak dira, baten faltan. Arropa, bitxiak, kosmetika naturala… jarriko dituzte salgaien artean.
Apustu «irmoa»
Azokaren arrakastaren arrazoien artean, «Zeraindarren lankidetza eta borondatezko lana, Zerain Dezagun fundazioaren antolakuntza eta sustapena eta udalaren laguntza» ere azpimarratu dituzte. Azoka «apustu irmoa» dela diote antolatzaileek, pandemiak ere eten ez zuena. Testuinguru hartan, —ekoizle txiki guztientzako une zailak izan ziren— azoka mantentzeko forma sortzaile eta seguruak bilatzearen aldeko apustua egin zen.
Azken 15 urteetan egin den bezala, Zeraingo azoka ekologikoa Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren baitan antolatu da. Osasunaren zaintzaz gain, egitura sozioekonomikoak eta ingurumenak eskaintzen dituzten aukera ezberdinak herritarrei ezagutarazi eta haiekin partekatzea ditu helburu hamabostaldiak.
Amaitzeko, gaur egungo «krisi ekosozialaren testuinguruan, guztion ardura da lurraldea eta komunitatearen zaintza partekatuak izatea, eta bide hori kolektiboki bultzatzea; hori ezinbestekoa da tokiko nekazaritzaren eredu iraunkor bat bultzatzeko, tokiko kontsumo eredu osasuntsu eta iraunkor bat sustatzeko eta gai horien inguruan sentsibilizatzeko», azpimarratu dute. l
Herriko plazan:
10:00etatik aurrera, azoka.
11:00. Haurrentzako EKO gaileta tailerra Haristizabal baserriko Itsaso Olabideren eskutik.
11:30. Sega zorroztu eta pikatzea zuzenean, Zaldibiako Almitza sega elkartearen eskutik.
12:00. 30. urteurrena ospatzeko topa.
12:00-14:00. EKO errezetak Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia izenburupean Osoa cooking-eko Anne Otegirekin.
Eta gainera:
Zuzenean egindako sagar muztioa.
Inguruko ekoizle eta artisauen postuak.