«Ea noraino iristeko gai naizen. Ez dut mugarik jarriko»
Donostiako Zinemaldian lehiatuko da Izaro Nieto Ruano (Ordizia, 2000) protagonista duen ‘Utlandsk’ film laburra, Zinemira Kimuak sailean. Irailaren 21ean da estreinua. Ordiziarraren bigarren film laburra da.
Bigarren aldiz parte hartuko du Izaro Nieto Ruanok Donostiako Zinemaldian, Zinemira Kimuak Sailean. Duela bi urte Irrits film laburrarekin eta aurten Utlandsk lanarekin. Alba Lozanok zuzendu du Utlandsk film laburra. Esti [Izaro Nietok antzeztua], sei urteren ondoren, Suediatik Oiartzunera itzuliko da arazo ekonomikoak tarteko. Herriak berdin jarraitzen du, baina bera aldatu egin da.
Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian izango zara berriz ere. Ari zara bidea egiten.
Ez dakit bidea den, nik uste dut zortea ere badela zerbait. Zaila da lanak aurkitzea, batez ere, erreprensentaterik gabe… Ilusioa mantendu dit Utlandsk-ek, eta denbora edukiko banu gehiago egitea ere gustatuko litzaidake. Orain Arkitektura karreraren amaiera ikusten ari naizela, aukera gehiago izatea gustatuko litzaidake.
Bigarren film laburra duzu Utlandsk. Gustura?
Oso-oso gustura nago, oso pozik. Pertsonaiak baditu Izaro puntu batzuk, baina noski, historia ez da Izarorena. Eta ez naiz konportatzen ni naizen bezala. Baina oso gustagarria izan da Esti antzeztea. Gainera ekipoarekin ere asko disfrutatu dut eta izugarri ikasi nuen. Aurretik prestakuntza pixka bat ere egin genuen. Nire amaren papera egiten duenarekin [Dorleta Urretabizkaia] binkulo bat sortu beharra zegoen, ama-alabarena. Bi pertsona ezezagun ginen eta Albak takto handia izan zuen gauzak nola egin… Bai aurreko lanketan, eta bai filmean zehar, oso zainduak izan gara.
Aktore ikasketak non egin dituzu?
Ez dut egin. Aurkeztu nintzen lehen castinga Akelarre-rena izan zen, asko zabaldu zelako. Arreta deitu zidan, beti gustatu izan zaidalako «tontakeriak» edo «antzerkitxoak» egitea, ez daukat lotsarik jende aurrean «tontakeriak» egiteko. Ez dut inoiz ezer ere ikasi, interpretazioaren inguruan ez dut ezer egin. Ez antzerkirik… Baina beti deitu izan dit arreta. Ez naiz oso zinefiloa ere… Gustatzen zaidana da interpretatzea, eta norbaitek maneia nazala, eta muturreraino iristea.
«Gustatzen zaidana da interpretatzea, eta norbaitek maneia nazala, eta muturreraino iristea»
Akelarre filmeko castingetik iritsi dira besteak orduan.
Irrits film laburreko castinga egin zuten berdinak ziren Akelarrekoak. Irrits-era aurkeztu nintzenean, hasiera-hasieratik aukeratua izan nintzen. Bigarrenean, Utlandsk-en, Alba zuzendariak idatzi zidan esanez Irrits ikusi zuela eta pertsonaia protagonista ni izatea nahi zuela esan zidan. Hitz asko esan gabe, begiradaren lanketarekin transmititzea transmititu behar dena adibidez. Hor potentziala ikusiko zuen eta horregatik deituko zidan.
Hirugarrena ere egina duzu, Gaubela.
Euskadiko Zine eskolako ikasle batzuekin egindako proiektua izan da. Martxoan grabatu genuen. Iker Reyes da zuzendaria, Zine eskolako ikaslea. Deitu zidan aurreko bi lanak ikusita zituelako. Pixka bat, batak bestea ekarri du. Gaubela-n adibidez, eszena batzuk baditut baso batean korrika, eta nik uste dut ikasleek ez zutela espero ni basoan korrika hastea ero bat bezala.
Noiz aurkezten da Zinemaldian?
Irailaren 21ean, 16:00etan, pase pribatua da. Hori gertatzen da Kimuak-eko film labur guztiekin. Zazpi izaten dira eta pase pribatuarekin izaten da. Baina gero Kimuak-ek asko zabaltzen du. Iaz, adibidez, Irrits ere Ordizian ikusteko aukera izan genuen. Herrietatik pasatzen dira. Ea gustatzen den eta jendeari interesatzen bazaio, eta laugarrena eta bosgarrena izateko aukera daukadan… Eta film luzeetan aritzea ere gustatuko litzaidake. Ea noraino iristeko gai naizen. Ez dut mugarik jarriko.