Aho Lehor Fest musika jaialdia tokiz aldatu dute: Lazkaoko plazako frontoian izango da
Eguraldi iragarpenagatik, skate parke irekian egitekoa zena estalpera eramango dute.
Lazkaon larunbatean egingo den IV. Aho Lehor Fest musika jaialdia plazako pilotalekuaren estalpean egingo dute, azkenean. Eguraldi iragarpenak euria eman duenez, ezin izango da skate parkean egin. Larunbatean 19:00etan hasiko da, plazako frontoian. Garai horretan, plazan bertan, sagardo dastaketa ere badago, eta talogileak ere ariko dira.
Musika jaialdiko sarrera doan izango da. Katarsi talde bizkaitarrak, Finale valentziarrak, Joseba Artza lazkaotarrak jotzen duen Flash-ek, eta azkenik Jerry A-ren Black Bacon euskal-estatubatuarrak joko dute, azken horrek disko berriaren aurkezpeneko aurreneko joaldia du. Lehenago, 18:00etan, Asier Mendizabal Nokono musikariak kantaldia eskainiko du, oholtzan bertan.