Emakumezkoen Euskal Kopa Beasainen jokatuko da hurrengo astean
Kutxabank Araski, Lointek Gernika eta IDK Euskotren taldeek jokatuko dute emakumezkoen Euskal Kopa, Antzizarren. Ostegunean, ostiralean eta igandean izango dira partidak.
Goren mailako emakumezkoen saskibaloiaz gozatzeko aukera izango da Beasainen, irailaren 26tik 29ra jokatuko den Euskal Kopari esker. Lehen mailan jokatzen ari diren hiru taldek parte hartuko dute, hiru eguneko jardunaldian: Ostegunean izango da lehenengo partida, Kutxabank Araski eta Lointek Gernikaren artekoa, 19:00etan hasita; Ostiralean, bigarrena, Lointek Gernika eta IDK Euskotren izango dira aurrez aurre, 19:00etan hau ere; eta igandean, IDK Euskotren eta Kutxabank Araskik jokatuko dute, 12:00etatik aurrera. Hiruko horretatik aterako da Euskal Koparen irabazlea.
Partidak Antzizar kiroldegian jokatuko dira. Hamasei urtetik gorakoentzat sarrerak bost euroren truke egongo dira salgai kiroldegian bertan, partida bakoitzaren aurretik. Jakin ere, ETBn ere egin ahalko dela jarraipena.
“Ohorea”
BKL saskibaloi taldeak hartu du txapelketa antolatzeko ardura, Euskal Saskibaloiaren Federazioarekin batera, eta Beasaingo Udalaren babesarekin. Hiru erakundeotako eta parte hartuko duten hiru taldeetako ordezkariak elkartu dira gaur goizean Beasaingo udaletxean, ekitaldia aurkezteko helburuarekin.
Leire Artola alkateak «emakumezkoen kirolari ikusgarritasuna ematekoa konpromisoa berretsi» du, eta gainontzeko eragileei «eskerrak» eman dizkie publikoki, «lehen mailako emakumezkoen saskibaloi txapelketa hau Beasainera ekartzeagatik».
Luis Maria Sautu Euskal Saskibaloi Federazioko lehendakariak nabarmendu du, «lehen mailan lehiatzen ari diren hiru talde ditugu, eta arro egoteko modukoa da hori. Meritua taldeena da, oso lan serioa egiten ari dira, lortzen ari diren emaitzak lortzeko. Erreferente gara gainera, hiru talde horietako bitan emakumezkoak direlako entrenatzaileak».
BKLko lehendakari Jose Mari Arrospidek adierazi du, «ohore bat» dela horrelako jardunaldia antolatzea, eta talde guztiei «zorte on» opa die.