Ibilbide berrian jokatuko da San Joan txirrindulari proba, larunbatean
Lehendakari torneoko azken proba izango da; afizionatu mailako talde onenak espero dira. 133 txirrindularik hartuko dute parte, 101 kilometroko lasterketan.
Segurako txirrindulari elkarteak antolatuta elite eta 23 urtez azpikoen San Joan txirrindulari proba jokatuko da larunbat goizean Seguran. Lasterketa Lehendakari txapelketako azken proba puntuagarria izango da. 10:00etan irtengo da herriko plazatik eta txirrindulariek 101 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute helmugara iristeko. Ibilbideari dagokionez, berrikuntzak dakar aurtengo edizioak.
Asteazkenean itxi zen izen-ematea eta data horretan 133 txirrindularik hartua zuten parte hartzeko konpromisoa. Aurtengo lasterketak ibilbide berria izango du eta guztira zortzi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek. Segurako plazatik irten eta Zegamara joan-etorria egin eta gero, Lierni, Atagoiti eta Aztiriko mendateak igarota osatuko den zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiote txirrindulariek. Azken kilometroetan, Barbariko eta Minetako mendateek pasako dute galbahea. Lehenengo txirrindulariak 12:30erako iristea aurreikusi dute antolatzaileek.
Ormazabali omenaldia
Lehendakari torneoaren baitako azken lasterketa izanik, afizionatu mailako talde indartsuenak izango dira Seguran. Sergio Truebak (Gomur-Cantabria Infinita) jantziko du liderraren azken maillota, matematikoki irabazita baitauka torneoa. Parte hartzaileen artean, Xabier Intxausti segurarra ere izango da.
Lasterketa amaitu ondoren, urtarrilean zendu zen Txetxu Ormazabal herritarrari omenaldia egingo dio Segurako txirrindulari elkarteak, elkarteari «urte luzetan» emandako laguntza eskertu asmoz. Bestetik, lasterketa segurtasun osoz egiteko boluntarioen laguntza eskatu du elkarteak, lasterketa igaroko den bidegurutzeak zaintzeko, besteak beste. Prest dagoenak elkarteko kideekin jarri beharko du aldez aurretik harremanetan.