Gazte bat epaituko dute, adin txikiko bat bortxatu zuen akusaziopean
Datorren astean gizonezko bat epaituko dute Donostiako Auzitegian, Zumarragan 14 urteko neska bat bortxatu zuen akusaziopean. Fiskaltzak 16 urte eta erdiko zigorra eskatu du. Baita aske gelditzen denean, bederatzi urtez zainpeko askatasunean izatea. Eta hamar urtetan biktimarekin ez komunikatzea eta berarengana ez hurbiltzea.
Fiskaltzaren arabera, gertaera 2021eko urriaren 18an jazo zen. Akusatuak elkartzea proposatu zion, neskak ezezkoa eman zion eta gizonezkoa tematu egin zen. Mehatxatu egin zuen eta horrela adin txikikoa kalera jaistea lortu zuen. Neska ukitzen hasi zen, honek uzteko eskatu zion, gizonezkoak lepoa besoarekin estutu zion, neskak konortea galdu zuen eta gizonezkoak bortxatu egin zuen.