Xabier Zalduak pentatloi txapelketako finala jokatuko du larunbatean
Xabier Zaldua zumarragarrak pentatloi txapelketako finala jokatuko du larunbatean, 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Aro berriko zazpigarren edizioa da eta Zalduak hiru irabazi ditu. Zazpigarren edizio honen ondoren, antolatzaileek atsedena hartuko dute. Indarberrituta itzultzea espero dute.
Zaldua finalista guztien artean beteranoena da, 46 urterekin. Bere azken pentatloia izango da eta amaiera polita eman nahi dio bere ibilbideari. Azken bi edizioetan hirugarren postuan sailkatu da eta oraingoan ere podiuma du helburu.
Beste bost finalistak Beñat Telleria, Aritz Irazabal, Xabat Olaizola, Ioritz Gisasola eta Andoni Iruretagoiena dira. Azken honek ere hiru txapel ditu eta faborito nagusia da. Historia egingo luke, Zaldua eta Olasagasti atzean utzita.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, 25 euroan, Mendizabal erretegian. Egunean bertan zezen plazako leihatilan salduko dituzte. Leihatilak 20:00etan irekiko dituzte. 20:30ean egurrak zozkatuko dituzte, 21:00etan zezen plazako ateak irekiko dira, 22:00etan parte hartzaileak aurkeztuko dituzte, 22:05ean lehen txanda jokatuko da, 22:55ean bigarrena jokatuko da eta 23:45ean sariak banatuko dituzte.
Parte hartzaileek 100 kiloko bola 25 aldiz jasoko dute, 400 kiloko harriarekin bi plaza egingo dituzte, hiru kanaerdiko ebakiko dituzte, txingekin sei plaza egingo dituzte eta hiru kilometro egingo dituzte korrika.
ETB1ek finala zuzenean emango du.