Zaldibiako festek sei egun izango dituzte
Urriaren 3tik 6ra, eta 11n eta 12an ospatuko dituzte. Gaur atera dute egitaraua.
Zaldibiako jaiak urriaren 3an hasiko dira, ostegunarekin. Lau egun jarraiko egitaraua edukiko dute lehenengo ekinaldian, 6 igandera arte. Bigarren saioa hurrengo asteburuan izango da, urriaren 11n eta 12an. Gaur atera dute egitaraua.
Aurreneko egunean, ohiturazko kalejira eta mondeju jatea jarri dituzte. Bigarren jardunaldian jubilatuen eta haurren ekitaldiez gain, boxeo jaialdia da berritasuna, Zaldibiako Gazte Asanbladak eta GKS-k antolatuta, Resti pilotalekuan. Aurreneko asteburuko larunbata (hilak 5) mozorrotzeko erabiliko dute, eta igandea Aniztasun Festak, dantzak edota pilotak osatuko dute.
Azken urteetan bezala, Kuadrillen Eguna hurrengo astebururako gorde dute, aurten ere. Sega saioa ere antolatu du Almitzak. Bezperan (hilak 11), pilota eskolakoen partidak eta patata-tortilla lehiaketa egingo dituzte.
Musikari dagokionez, erromeria girokoak izango dira egun gehienetan:Itzal (3), Trikidantz (5), Aker Beltz (12). Obrint Pas taldeko abeslari izandakoaren Xavi Serra i el Cor de la Fera taldeak ere joko du (4).