Euskal jaia ospatu dute Urretxuko Santa Anastasia jaien barruan
Karrozen desfilearen ordutegi berriak eta herri bazkari jendetsuak ardaztutako euskal jaia ospatzen ari dira Urretxun, Santa Anastasia Jaiak.
Santa Anastasia jaietan murgilduta daude urretxuarrak eta hauen barruan, gaurkoan, euskal jaia ospatu dute, urtero legez. Egun hontako izarra beti izan ohi da karroza desfilea. Musikak, dantzak eta festa-giroak hartzen ditu urretxuko kaleak, bertako kuadrilla edo talde desberdinek egindako karroza ikusgarriak kalean zehar dihoazten bitartean. Horrez gain, Euskal Herriko hamaika txokotatik etorri dira erraldoiak, hala nola, Bergara, Legazpi, Tafalla eta abar. Bestalde, zenbait dantza taldek eta txarangak ere parte hartu dute karrozen desfilea girotuz, izan herriko bertako Lurra dantza taldea edota Lizarrako dantza taldea, besteak beste dantzarien partetik eta musikarien aldetik, Legazpiko Trapalata txaranga adibidez.
Herrian zehar itzuli bat eman ondoren dantzan eta kantuan, Gernikako Arbola plazara iritsi dira karroza guztiak banan-banan. Aurtengoan, azken urteetan bezala, gai nagusietako bat mugikorrarekiko menpekotasuna izan da. Horrez gain beste hainbat gai ere izan dituzte aurtengo karrozetan, hala nola, jokoak eragiten dituen kalteak, modu batera erakusten dizkiguten baina oso bestelakoak diren errealitateak eta abar izan dira. 13 izan dira aurtengoan Mugitegi industrialdetik abiatu diren karrozak.
Kuadrillez gain izan dira Tolosako dultzaineroak, Urretxuko Iratzarri dultzaineroak eta Urretxuko Lizarriturri Txistulari taldea. Horrez gain, Azpeitiko Itsasi Zanpantzar taldea ere herrian zehar ibili da.
Berrikuntzaz beteriko euskal jaia
Aurten berrikuntza nabarmena izan da karroza desfilearen ordu aldaketa. Beste urteetan arratsaldean egiten zuten baina aurten goizez egitea erabaki dute. Erabaki honek denetariko iritziak sortu ditu herritarren artean baina parte-hartzaile izan direnek gaur ez dute begi onez ikusi aldaketa hau, eta arratsaldean izan zedin nahiago zutela adierazi dute. Horrez gain, arratsaldera arte irabazlea nor den ez jakitea ere <<ez dute oso gustoko izan>> diotenaren arabera.
Bestalde, herri bazkaria antolatu dute aurtengoan eta 1.300 pertsona izan dira bertan, bi eremu desberdinetan banatuak, eguraldia dela eta. Aldiri kiroldegian izan dira batzuk eta besteak, Ederrena pilotalekuan.