Goierritarrek ez dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetarako txartela eskuratu Elgoibarren
Elgobarren jokatu da gaur Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirena. Sei bertsolaritik hiru izan dira goierritarrak: Iñaki Apalategi, Uxue Fernandez eta Eneko Araiztegi. Gaurkoan ez dute final laurdenetara sailkatzerik lortu.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa martxan da eta gaurkoan Elgoibarren izan dute hitzordua laugarren final zortziren honetan. Sei bertsolari izan dira lehian: Eli Pagola hernaniarra, Eneko Araiztegi segurarra, Iñaki Apalategi beasaindarra, Libe Goenaga getariarra, Unai Izagirre azkoitiarra eta Uxue Fernandez urretxuarra.
Eneko Araiztegi Agirre
Saioan zehar hainbat gai eta paper ezarri zaizkie bertsolariei, ohikoa denez. Araiztegi bidegorria etxe paretik pasatzeaz eztabaidan aritu da lehenik Izagirrerekin; ondoren, arte modernoko museo batera joan dela Pagolarekin; jarraian, ganbarakoan, beti itzalean egon den baina askok uste baino gehiago agintzen duen pertsona baten azalean jarri da eta amaitzeko, Goenagarekin musikari hasiberrien paperan aritu da bertsotan.
Iñaki Apalategi Astigarraga
Gaurko saioan, Apalategi Pagolarekin afaltzera joan eta afalondoa luzatu ala ez aritu da eztabaidan. Ondoren, Goenagarekin yoga-klaseetara joaten delaren inguruan aritu da eta ganbarakoan, berriz, denek bere alde egin eta huts egin duen pertsona baten azalean jarri da. Amaitzeko, Fernandezekin aritu da bertsotan, gomendioak kontuan hartzen ez dizkien bi farmazialariren paperean.
Uxue Fernandez Lasa
Fernandezek saioa hasteko enpresa bereko komertzialak direlako papera izan du, Goenagarekin batera eta bezeroekin online ala aurrez aurre elkartzearen inguruan aritu dira. Bigarrenik, lankideak izanik, Izagirre beti kexu dela Fernandezen musikaz eta horietako talde baten kontzertuko lehen lerroan egin dutela topo izan dute egoeratzat. Jarraitzeko, ganbarakoan Apalategiren gai bera izan du eta amaitzeko, Apalategirekin aritu da bertsotan, farmazialarien azalean jarriz.
Hiru goierritarrak final laurdenetarako txartelik gabe geratu dira gaurko saioaren ondoren. Honela geratu da lan puntuagarrien ondoren sailkapena:
- Eli Pagola Apezetxea…………………………….487,5
- Eneko Araiztegi Agirre…………………………..454,5
- Iñaki Apalategi Astigarraga…………………..451,5
- Unai Izagirre Etxeberria………………………..446
- Libe Goenaga Arrieta……………………………436
- Uxue Fernandez Lasa…………………………..430