Azkena Ta Etxera kuadrillak irabazi du karroza lehiaketa
Ikusleen saria HDM kuadrillak irabazi du
Gaur eguerdian Euskal Jaiko desfilea egin dute Urretxun. Sari banaketa arratsaldean egin dute, Gernikako Arbola plazako karpan. Azkena Ta Etxera kuadrillak irabazi du, Suak irentsi duen herria karrozarekin. Herensuge bat egin dute, Palestina sufritzen ari den infernua salatzeko. Lehenengoz, ikusleen saria ere eman dute. Karrozak Labeaga kalean ikusgai egon dira eta 2.012 lagunek bozka eman dute. Karroza bozkatuena HDM kuadrillaren Zer dago ikusten dugunaren atzean? izan da, 350 botorekin. Indiako Taj Mahal eraikina egin dute, eraikin ederren atzean ezkutatzen den miseria salatzeko. Bestalde, karrozeroek Oraindik Bagara kuadrilla omendu dute, 50 urte bete baitira aurten lehenengoz karroza egin zutenetik.