Nahigabeko bakardadearen aurkako egitasmoa abiatu dute
Udalaren eta Dar-dar kooperatibaren elkarlanetik abiatu da. Sentsibilizazio fasea jarriko dute martxan irailean. Arteriako sortzaileek ere parte hartuko dute egitasmoan.
Nahigabeko bakardadeari aurre egiteko eta osasun mentalean positiboki eragiteko helburua duen ekimen berri bat abiatu dute Beasaingo Udalak eta Dar-dar gizarte ekimen kooperatiboak, 2025 urteko abendura bitartean gauzatuko dena, herriko beste eragile batzuen laguntzarekin.
Proiektuaren nondik norakoak diseinatzeko lanaren ondoren, sentsibilizazioaren fasean sartuko da proiektua, abiapuntu artistiko batetik, eta irailean hasita, hiru hilabeteetan gauzatuko da. Fase honetako helburuak dira, nahigabeko egoeran dauden herritarrak detektatzea eta egoera hauei aurrea hartzea.
Sentsibilizazio fase honetan, gazte eta helduekin, buru osasuna eta bakardadearen inguruan kooperatibak duen Zulo beltza proiektua erabiliko da. Zulo beltza ekimenak, bi atal ditu: batetik, antzerki emanaldi bat, non buru osasun egoera desberdinetan dauden pertsonaiak diren protagonistak; eta bestetik, dinamika parte hartzaile bat, non gaiaren inguruan ikusleek dituzten kezkak, beldurrak eta bizipenak azaleratzen diren.
Saio hauetan parte hartzeko aukera emango zaie herritarrei eta eragileei, eta dinamika parte hartzailetik jasotakoa, proiektuaren diagnosi fasean erabiliko da.
Lehen Hezkuntzako haurrekin, berriz, Hitzak zeharkako ekimena erabiliko da. Bertan, antzerki emanaldi baten bidez landuko dute gaia.
Gainera, sentsibilizazio fase honetan, Arteriako hiru sortzaileren parte hartzea sustatuko dute, prozesua behatzeko, eta amaieran diziplina anitzeko pieza artistiko bat sortuko dute. Pieza osatzeko, 9.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.