Seguran erabaki da asteburuan amateur mailako Lehendakari txapelketa
Segurako 66. San Joan txirrindulari proba izan da Lehendakari txapelketako azkeneko proba. Telco´m-ON Clima-Oses taldeko Ailetz Lasa izan da garailea Segurako proban.
Larunbat goizean jokatu zen Seguran 66. San Joan txirrindulari proba Segurako txirrindulari elkarteak antolatuta. Telco´m-ON Clima-Oses taldeko Ailetz Lasa (2:39:14) izan zen probaren irabazlea. Laboral Kutxako Ander Ganzabalek (2:39:20) eta Caja Rural-Aleako Aimar Erostarbek (2:39:26) gertutik jarraituta.
Telco´m-ON Clima-Oses Lasa taldeko nafarrak ihesaldi gogorra egin zuen eta Barbari eta Minetako gainak lehendabiziko postuan gainditu zituen. Bakarrik iritsi zen Segurako plazako helmugara, Ganzabal eta Erostarberi segundo bakan batzuk aterata.
Lehendakari, Truebarentzat
San Joan proba aurtengo Lehendakari txapelketako azken proba izan da eta larunbatean eman zuten amaitutzat, amateur mailako txirrindularien denboraldia, Seguran. Comur-Cantabria Infinita taldeko Sergio Truebarentzat izan da aurtengo Lehendakari txapelketako garaipena, 155 punturekin. Matematikoki lehiaketa irabazita zuen Segurako probarako. Finisher-eko Nil Gimeno izan da bigarren sailkapen orokorrean (118 puntu) — 23 urtez azpikoen artean onena izan da bera— . Seigarren egin zuen Seguran eta eskuratutako sei puntuei esker Asier Castilla (Laboral Kutxa) gainditzea lortu zuen sailkapen orokorrean. Castillak klabikula hautsi zuen orain bi aste eta ez du azken lasterketetan parte hartzerik izan. Castilla hirugarren gelditu da sailkapen orokorrean 114 puntu eskuratuta.
Larunbateko sari banaketaren ostean, urte hasieran zen du zen Txetxu Ormazabali omenaldia egin zion Segurako Txirrindulari elkarteak. Ormazabal Segurako mendi taldeko kidea zen, baina txirrindulari elkarteko kideek «urte luzetan» emandako laguntza eskertu nahi izan zion larunbatean.
Ez da asteburu honetan Ormazabalek jaso duen omenaldi bakarra izan. Larunbatean egin zuten Bost herrien arteko 8. ibilaldiaren hasieran ere omenaldia egin zioten Idiazabal, Segura eta Zegamako mendi elkarteek eta Zeraingo Liztormendi eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteek, Idiazabalgo plazan.