Urriaren 14an egingo dute aurtengo artile bilketa, Idiazabalen
Interesdunek telefono zenbaki batera deitu behar dute artilea bilketa puntura eramango dutela jakinarazteko. Aurrez, bakoitzak duen buru kopuruaren araberako ordainketa egin beharko du.
Aurten artile bilketa zerbitzua urrian hasiko da. Goierriren kasuan, urriaren 14an egingo da bilketa, Idiazabalen, Barreiatua 93 helbidean (Gorrotxategi granjan). Antolakuntzan hiru erakundek hartuko dute parte: Landaolak, Lurgintzak eta Abelurrek.
Finantzaketaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du eta bestea artzainek. Kostua ardi-kopuruaren araberakoa izango da. Aurtengo tarifak pasa den urteko berberak dira KPI-a aplikatuta soilik. Bertako kostuan diru-laguntza aplikatuta daukate. Interesdunek 696 433 602 telefonora zenbakira deitu behar dute artilea bilketa puntura eramango dutela jakinarazteko.
2024ko tarifak
Entregatzeko eguna, ordua eta tokia
Artzain bakoitzak zena, deiturak, helbidea eta NAN zenbakia eman beharko ditu, eta bat etorri beharko du artalde hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpainako datuetan erregistratuta dagoen izenarekin. Informazio hori beharrezkoa da faktura egiteko. Faktura hori garrantzi handiko dokumentua bihurtuko da erakundeen aurrean (ikuskapenetan) artilearekin zer egin den adierazteko garaian. Artzainak azken erroldan zenbat ardi dituen adieraziko du.
Entregatzeko modua
Artzain bakoitzak artilea entrega-lekura esandako orduan eramango du, eta zakuak artzainak berak hustu beharko ditu. Entrega gunean sartzean, artzainak dagokion zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria erakutsiko dio bertan dagoen arduradunari. Horrek esan nahi du artzainak entrega egin baino lehen ordaindu beharko duela. Egiaztagiri hori ezean ez da artilerik jasoko. Ordainketa egiteko kontu zenbakia hauxe da: CAJA RURAL ES50 3008 0152 6549 2039 5821 eta jarri beharreko kontzeptua: Izen abizenak + Baserriaren izena. Entrega egin ondoren, entrega-leku horretako antolatzaileak faktura bat emango dio.
Guztien ahalegina
Egindako proposamenak “artzainen ahalegin handiagoa” eskatzen duela ulertzen dutela diote kanpainaren antolatzaileek, baina profesional kopuru handia kudeatzeak ere “kostu handiak dakartza”, eta hori, hala dela, mugatu egin nahi dute. “Kontutan izan behar da, artilea jaso ondoren, kamioi berezi batean eraman behar dela (Sandach 3 produktua delako), kargatzeko luma-kamioi bat behar dela, eta, gainera, produktua eramaten den enpresan tasa bat ordaindu behar dela”.