Zaborra biltzeko edukiontziak Errekabarrenetik lekualdatuko dituzte
Hainbat pertsonen jarreragatik birziklaguneko egoera “erabat onartezina” bihurtu dela aurreratu du udalak ohar bidez. Zaborra biltzeko gune berriak “txikiagoak” izango direla aurreratu dute.
Ezkioko Udalak jakitera eman duenez, Errekabarrenako birziklaguneko edukiontzi guztiak erretiratu eta Santa Lutzi eta Anduaga auzoetako hiru tokitan banatuko dituzte hemendik aurrera.
Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez “izugarrizko ahalegina” egin dute azken urteetan Errekabarreneko birziklaguneko egoera hobetzeko, baina “hainbat pertsonen jarreragatik” gune horren egoera “erabat onartezina” bihurtu dela azpimarratu dute.
Hori horrela eta “Sasieta Mankomunitateko teknikarien aholkuari jarraituz” hartu dute edukiontziak hiru gune ezberdinetan banatzeko erabakia. Aurrerantzean edukiontziak Errekabarrenan bertan, Iturgainen eta eskola parean kokatuko dituzte. Puntu txikiagoak izango direla aurreratu dute, baina “hurbilago” egongo dira. Olioa, arropa, kafe kapsulak eta pilak jasotzeko edukiontziak udaletxeko birziklagune ondoan jarriko dituzte.