Goierriko Lurralde Plan Partzialean parte hartzeko prozesuari ekin dio aldundiak
Beasain-Zumarraga eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala (LPP) aurkeztu du Azahara Dominguez diputatuak Goizane eraikinean egin duten ekitaldian.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko diputatu Azahara Dominguez Planaren Beasain-Zumarraga eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren (LPP) eraginpeko udalerrietako alkateekin, hirigintzako zinegotziekin, teknikariekin eta interesa duten herritarrekin bildu da planaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko. Atzo izan zen lan-saioa, Goizane eraikinean, Zaldibian.
Diputazioa orain hilabete batzuk hasi zen plan partzial hori berrikusteko prozedurarekin, eta informazio eta diagnostiko dokumentuak eta aurrerapen dokumentuak idatzi ondoren, horri dagokion parte-hartze publikoko prozesuari ekin dio orain.
Prozesu luze bat elkarlanean
Elkarlanaren oinarriak eta “parte-hartze publiko irekia, gardena eta zeharkakoa” aktibatzeko helburuarekin, planaren alderdirik esanguratsuenak azaldu zituen Dominguezek. Plana idatzi duen taldearekin, Santiago Peñalba arkitekto urbanistak gidatuta, batera egin zuen aurkezpena.
“Prozesu luze bati ekin diogu. Guztion artean azkenean onartzen diren proposamenak egia bihurtu ahal izatea lortu behar dugu. Ilusioz, desioz, begirada zabalez, itxaropenez, baina oinak lurrean jarrita lan egin behar dugu horretarako. Izan ere, lanak ez du ezertarako balioko LPPren indarraldia igarota proposamen garrantzitsuenak eta estrategikoenak garatu ezin izan badira”, adierazi zuen diputatuak.
Planaren erronka nagusiak
Zumarragako eremuaren hiri-berroneratzea, Beasain-Ordizia-Lazkao espazioaren burua, Ezkio eta Itsasoko Santa Luzia korridorea edo eraztun berde baten eraketa edo uholde-arriskuak gutxitzea dira planaren erronka nagusiak. Era berean, LPPk beste gai batzuk jorratu beharko ditu, hala nola erronka demografikoa, etxebizitzaren arazoa eta hiri-hazkundearen perimetroak.