«Mundu errealaren paraleloa den mundu bat da niretzat artea»
Mari Tere Martinez Imazen ‘Eskultura bizidunak’ erakusketa ikusgai dago Ordiziako Barrenan. Kolaztatutako paperarekin sortzen ditu pertsonaiak.
Jaioterrira itzuli da Mari Tere Martinez Imaz (Ordizia, 1946) Eskultura bizidunak erakusketarekin. «Nire sormena eta irudimena askatu ditut, nire bizitzan metatutako sentimenduak eta oroitzapenak adieraziz». Urriaren 11ra arte, Barrenan ikus daitezke.
Ze material erabiltzen duzu?
Papera kolaztatuta. Edozein paper erabiltzen dut. Egunkariak, txuria… Akrilikoekin pintatu eta laka bat ematen diet. Arropak ere nik josten ditut. Batzuk konpondu, handitu… baina material gehiena berrerabilgarria. Etxeko materialarekin egiten dut.
Non ikasi duzu?
Autodidakta naiz guztiz. Nire erara egiten dut. Pertsonaia bat pentsatzen dut eta egiten hasten naiz.
Lagun talde ederra ekarri duzu Ordiziara. 23 erraldoi, 100 emakume, bustoak, txotxongiloak, eskulturak…
Asko ekarri dut aretoa handia da eta. Etxean asko geratu dira.
«Autodidakta naiz guztiz. Nire erara egiten dut. Pertsonaia bat pentsatzen dut eta egiten hasten naiz»
Erakusketaren zati batean erraldoiak ikus daitezke, eta beste aldean, pieza txikiagoak.
Bai, alde batean, handiak, koloretsuak, sinpatikoak jarri ditut, eta beste aldean, gaurko arazoak islatu ditut. Dena ez da festa. Paterak daude, itsasoko tragedia agertzen da, eta emakumeak ere bai. Ehun emakume ekarri ditut. Ahaldundutako emakumeak. Batzuk negarrez, besteak parrez, besteak bularreko minbiziarekin… Errealitate desberdinak. Indarkeria matxista ere bai… Umeak erakusketara etortzea nahi dut. Errealitatea ikusi dezatela. Jaia ere bai… Baina dena nahastuta dagoela.
Erraldoi txikiak dira. Kalera ateratzen al dira festara?
Berastegiko (Gipuzkoa) festetako azken egunean, sei atera zituzten kalera eta ze polita! Ze koreografia politak egin zituzten; herriko plaza jendez beteta. Asko gustatzen zaizkit erraldoiak. Beti esaten dut erraldoiek festa islatzen dutela. Erraldoiak ikusi eta festarako jartzen naiz martxan.
«Hauek egiten sartzen naiz eta munduko gauzez eta arazoez ahazten naiz»
Ordizia, zure jaioterria islatu duzu erraldoietan.
Bai. Azokara etortzen diren baserritarrak, artzaina… eta aita ere bai. Imaz pastelerikoa, Kale Nagusikoa. Nire ama hangoa zen. Itxita dago. Delikatuzen nire hiru erraldoi daude, dohaintza bat egin nuelako: Zozomikote, Idiazabal Kofradia eta Errepuierre.
Gozoz inguraturik jarri duzu aita.
Ibañez gozotegiko izozkiak, Telletxeako erroskillak, eta aitonak eta aitak egiten zituzten tartak, kanutilloak…
Noiz hasi zinen eskulanak egiten?
Beti eduki izan dut joera artistiko bat. Pintura, taila, buztina…. Jubilatu nintzenean pentsatu nuen denbora asko neukala paseatzeko, bidaiatzeko, ezer egin gabe egoteko… Eta hasi nintzen pieza txikiak egiten. Eta gero handiagoak egiten hasi nintzen. Mundu errealaren paraleloa den mundu bat da niretzat artea. Hauek egiten sartzen naiz eta munduko gauzez eta arazoez ahazten naiz. Ordu asko sartzen ditut eta gainera pentsatzen dut gimnasia bat dela, gimnasia mental bat. Burua beti lanean daukat.