«Oso pozik nago amets handi bat betetzear dudalako»
Garazi Zabaleta konpositore beasaindarraren 'Unlike' obra estreinatuko du gaur Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Musikagileak zikloan. Campos Eliseos antzokian izango da estreinaldia, 20:00etan.
Josep Planellsek zuzendutako Bilbao Orkestra Sinfonikoak Musikagileak Zikloa inauguratuko du gaur, Bilboko Campos Eliseos antzokian, 20:00etan. Lau konpositoreren sorkuntza berriko lanak joko dituzte. Garazi Zabaleta beasaindarraren Unlike obra izango da horietako bat.
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eskutik (BOS), Musikagileak elkarteak Musika Garaikidearen 15. zirkuitua inauguratuko du gaur, eta bertan, zuk konposatu duzun Unlike izeneko obra estreinatuko da. Zer konta dezakezu lan honen inguruan?
Egia esan, erabaki estrategiko bat izan zen orkestrarako obra hau idaztea orain dela pare bat urte, eta badirudi, asmatu egin nuela. Lan karga arindu behar izan nuen eta nire buruari eskaini nahi nion denborarekin bat, lan honetan murgildu nintzen buru belarri. Kontserbatorioko ikasketak amaitu nituenetik, estetika jakin batean mugitzen diren obrak modu programatikoan idazteko joera hartu dut, baina Unlike, berezia da zentzu horretan, oso libreki idatzia dagoelako.
Sare sozialak presente daude.
Sare sozialek gizartean (erabiltzailearengan) duten eragina hartu nuen testuinguru bezala, gaiak bereziki larritzen bainau. Hortik dator obraren izenburua eta piano bakarlariarentzat idaztearen erabakia; pianoa, egungo gizarte azkar eta azalekoari aurre egiten saiatzen da, nolabaiteko oposizioa erakusten, alegia. Kasu honetan, orkestra da gizartea irudikatzen duena.
Zer lortu nahi duzu lanarekin?
Pentsamendu kritikoa bultzatu nahi izan nuen obra hau idatzi nuenean: aldatu al da gure harremanen kalitatea? Nola ikusten dugu mundua eta nola jokatzen dugu? Gure izatearen oinarria ezezagunekin partekatzen dugun bitartean, jarraitzaile eta like kopurua geure burua ezagutzeko irizpide neurgarri bakarra den bitartean, sare sozialetan egiten duguna, gu geu islatuta ikustera edo gure ahotsaren oihartzuna entzutera bideratzen dugun bitartean, betikotu egiten dugu manipulazio-sistema, eta merkantzia bihurtzen gara. Ahotsa goratzen duten bakarrizketek ordezkatzen badituzte ezagutzak hedatzeko aukera ematen diguten elkarrizketak, bertute bat isilarazten dugu: hausnarketa. Gure bizitzaren kontrola galdu dezakegu; askatasuna galdu dezakegu, inolako debekurik izan gabe ere; banatze-sentsazioa galdu dezakegu, hainbatetan, bakarrik sentitu arren; izan ere, konektagarritasuna eta lotura ezin dira nahastu; ez komunitatea sarearekin, ez eta alteritatea aniztasunarekin ere.
«Sare sozialak testuinguru hartuta, pentsamendu kritikoa bultzatu nahi izan nuen idazterakoan»
Itsaso Sainz de la Maza pianista bizkaitarrak interpretatuko du. Nolakoa izan da berarekin lan egitea?
Talentu handiko piano jolea da Itsaso, oso ezaguna esparru klasikoan, eta gainera, emakume gaztea. Ez dut ukatuko ahizpatasun horrek ere eragin zidala. Musikagileaketik obra estreinatu behar zenaren albistea jaso nuenean, garbi izan nuen bere eskuetan uziko nuela piano bakarlariaren lana. BOSekin lehen entsegua izan aurretik, obra begiratzeko geratu ginen, bere lokalean, eta energiaz beterik itzuli nintzen etxera; batetik, hunkigarria egin zitzaidalako gertutik bera entzutea, sekulako lana egin du; eta bestetik, obra benetan gustuko zuela adierazi zidalako, eta oso garrantzitsua iruditzen zait hori, horrelako egoera bati aurre egiteko. Ez genuen elkar gehiegi ezagutzen, baina uste dut, une hau konpartitzea berezia dela, biontzat baita esanguratsua.
Estreinaldiaren atarian zein sentipen duzu? Nolakoak izaten ari dira azken aste hauek?
Ikasturte hasiera oso gogorra egiten ari zait, erronka berri asko batu baitzaizkit, baina perspektiba ez galtzen saiatzen naiz. Oso pozik nago amets handi bat betetzear dudalako. Gainera, bide honetan aurrera egiten jarraitzeko gogotsu nabari naiz. Hona iristea, oso bide luzea eta gorabeheratsua izan da, eta estreinaldiaren eguna, guzti horren lekuko da niretzat; bizitzan gertakari bakoitzak bere lekua hartzen du, dagokion momentuan. Irrikitan nago alboan sentitzen dudan jende guztiarekin une hori konpartitzeko, asko dira joatekoak, eta horretan pentsatzeak bakarrik, urduritu egiten nau. Biharamun emozionala gogorra izango da.
«Momentu oparo batean aurkitzen naiz, zalantzarik gabe, baina pretentsioak ere neurtuak ditut»
Konpositore bezala zure ibilbidea egiten ari zara. Zein momentutan aurkitzen zara? Badituzu proiektu gehiago?
Momentu oparo batean aurkitzen naiz, zalantzarik gabe, baina pretentsioak ere neurtuak ditut. Orain arte lortu dudana modu oso naturalean eman dela jabetzen naiz, eta horrela izaten jarraitzea nahi nuke. Argi daukat esparru klasikoan jarraitu nahi dudala pausuak ematen, nahiz eta oso zaila izan, momentu honetan horrek betetzen nau. Aurten nire taldekideekin (ARAH) ganbara musikako diskoa argitaratu dugu, plataforma digitaletan entzungai dagoena. Hirukoterako obra bat daukat esku artean eta gustatuko litzaidake Orkestrarako lan gehiago egiteko aukera izatea, ea estreinaldi honek horretan laguntzen duen.
Enkarguak iristen dira?
Ez da ohikoa, baina mundu komertzialean ere mugitzen naiz. Hori izan zen nire abiapuntua musikan eta, ondorioz, tarteka bada ere, enkargu batzuk hartzea gustuko dut. Berriki, kultura matxistari aurre egiteko EAEko erakundeek sustatutako Beldur barik programako aurtengo abestiaz arduratu naiz, eta urtea amaitu aurretik dokumental baterako soinu banda hitzartua daukat.