Goierriko pentsionistak Gasteizko Legebiltzarrean
Herri ekimeneko lege proposamena aurkeztu du Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak. "Gutxieneko pentsioen osagarri bat ezartzen du, pentsiodun onuradunei bizi-baldintza duinak izatea ahalbidetuko dien nahikotasun-diru-sarrerak bermatzeko" eskatzen du.
Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak prestatutako herri ekimeneko lege proposamena (HEL) aurkeztu dute gaur “EAEko Legebiltzarrean izapidetzeko onar dadin. HEL horrek gutxieneko pentsioen osagarri bat ezartzen du, pentsiodun onuradunei bizi-baldintza duinak izatea ahalbidetuko dien nahikotasun-diru-sarrerak bermatzeko”. Orain, Legebiltzarra osatzen duten “talde politikoen aldeko botoa eskatzen dugu, lege bihurtzeko”.
EHPMren esanetan, “gure proposamena egungo eskumen-esparruan oinarrituta dago, eta, beraz, ez dugu zalantzarik izapidetzeko onartuko dela. Pentsiodunentzako berariazko osagarri bat artikulatzen dugu, iraunkorra eta diru-sarreren nahikotasun- irizpideekin, Europako Gizarte Kartaren zehaztapenarekin bat datorrena. (Batez besteko soldataren %60). Osagarri hori bereziki onuragarria izango da sistemako pentsio txikienak dituzten emakumeentzat, bai zainketa- lanetan aitortu gabeko lanagatik, bai lan prekarioengatik”.
HEL honen ezaugarri esanguratsuenak honako hauek dira:
- Gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema bat garatzea, 60 urtetik gorako pentsiodunen gizarte-bazterketako arriskua prebenitzeko.
- Onuradun orokorrak. 60 urtetik gorako pentsioduna, erretiroko, ezintasun iraunkorreko edo alarguntzako kotizaziopeko pentsioaren edo erretiroko edo baliaezintasuneko kotizazio gabeko pentsioaren onuradun dena. Enplegua lortzea eragozten zaien IPB pentsioak dituzten pertsonak osagarriaren hartzaile posible gisa sartuko dira, adina edozein dela ere.
“HEL honetan ezarritako osagarria pentsiodun bakoitzari aitortutako prestazio ekonomikoa da, eta pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat hartzen da, bizi-baldintza duinak izatea bermatuko dion diru-sarrera nahikorik ez duena. Osagarri horren zenbatekoa kalkulatzeko, jasotzen den pentsioaren eta urtero eguneratzen den LGSaren zenbatekoaren arteko aldea kalkulatzen dugu. EAEko LGS bat izanez gero, hori izango litzateke erreferentziazko LGS”.
Mobilizazioak
HEL hau babesteko deia egin die EHPMk sindikatuei, gizarte- erakundeei, gazteei eta emakumeei, “dei egiten diegu antolatuko ditugun mobilizazioetan parte hartzeko eta Legebiltzarrean eztabaidatzeko behar diren sinadurak biltzeko. Hau izango da irabaziko dugun bigarren borroka handia, PEIa (% 0,25) eta 2018. urtean, 2011ko eta 2013ko erreformetan ezarritako jasangarritasun-faktorea indargabetu ondoren”.