Neandertalek San Adrianen utzitako aztarnak ezagutzeko irteera, igandean
Igandean izango da, bi saiotan, Anduetza parketxeak antolatuta. Azken bi urteetan Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoek egindako aurkikuntzak ezagutzera emango dituzte.
Urtero, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Zegamako Udalarekin elkarlanean, San Adrian igarobidea (Leizarrate) induskatzen eta aztertzen dute; aurtengoa 18. kanpaina arkeologikoa izan da. Udaro, igarobide honetan sekretu berriren bat aurkitzen dute: Erdi Aroko gotorleku bat, brontze garaiko babesleku bat, erromatarren garaiko aztarren bat… Baina, Anduetzatik azpimarratu dutenez, “iazko eta aurtengo aurkikuntza aparta izan da; neandertalek kobazuloa babesleku bezala hartu zutela frogatzen zuten aztarnak” aurkitu baitira.
Aurreko urteetan, duela 14.000 urte inguruko Goi Paleolitoko maila batean induskatu ondoren, okupazio zaharragoak egon zitezkeela susmatu zuten. Egindako lanari esker eta berreskuratutako aztarnengatik, gaur badakigu neandertalek duela 40.000 urte baino gehiago igarobidea erabili zutela.
Txango gidatu honetan, neandertalen garaiko azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutzera emango dira. Gainera, antzinako hominido horri buruz hitz egingo dute; ezaugarriak, berezitasunak, ohiturak… Igarobide honetan izan diren biztanleen garai historiko bakoitzaren errepasoa ere egingo dute.
Txangoak ez du zailtasunik eta edozein herritarrentzat egokia da. Euskarazko saioa Aldaolako aparkalekutik abiatuko da goizeko 10:00etan eta gaztelaniazkoa, berriz, 12:00etan. Aldaola aparkalekua Otzaurtetik (Zegama) 4 kilometrora dago.
Aurreikuspena, euskarazko txangoa eguerdiko 11:30erako amaitzea da eta gaztelaniazkoa 13:00rako. Oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen da. Prezioa pertsonako 6 eurokoa da. Izena ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak izateaz gainera, (hala balegokio), eguraldia dela medio, azken orduko aldaketaren bat balego, modu horretan antolatzaileek izena eman dutenei abisu emateko aukera izango dutelako.
Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko:
- 943 80 21 87 / 688 62 36 09
- anduetza@gipuzkoanatura.eus / www.gipuzkoanatura.eus