Zazpi ikastaro antolatu dituzte Goierri garaiko jabetze eskolan
Urretxu-Zumarragan, Legazpin eta Ezkion egingo dira ikastaroak.
Goierri garaiko Berdintasun arloak jabetze eskolaren udazkeneko egitaraua martxan da. Zazpi ikastaro antolatu ditu, eta hurrengo astelehenean hasiko da lehena: Emakumeak mugimenduan, Zoru pelbikoa indartzeko saioak, Amatasuna ikuspegi feministatik, Autorretratua sormen tailerra, Etxeko konponketen ikastaroa, Zahartzaro berriak (skolastika) eta Kakorratz lan saio monografikoa. Programaren esku orria Goierri garaiko etxe guztietan buzoneatu dute.
Ikastaro gehienak Goierri garaiko emakumeen etxean (Urretxuko Pagoeta auzoan) egingo diren arren, Goierri garaiko jabetze eskola izanik, ikastaroetako bat Ezkion izango da eta beste bat, Legazpin. Ezkion Autoerretratua sormen-tailerra ikastaroa egingo dute eta Legazpin Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa.
Ikastaroak Goierri garaiko 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduak daude. Berdintasun arloak emakume guztiak parte hartzera animatu ditu. Izena emateko, 943 25 23 89 telefono zenbakira deitu behar da edo jabekuntzaeskola@gmail.com helbide elektronikora idatzi. Jabekuntza eskolak webgunea ere badauka: urolagaraikoemakumeenetxea.eus.
Helburuak
Jabetze eskola 2012an jarri zen abian. «Jabetzea ikasketa eta kontzientzia prozesu bat da. Munduko emakumeok jasaten dugun bazterkeria eta gutxiespen egoeraz jabetu eta gizarte egituren aurka egiteko tresnak eskaintzen dizkigu. Beraz, jabetze eskola ez da ohiko prestakuntza leku bat. Hori baino gehiago da: mugimendu feministak errealitatea izendatzeko asmatutako ezagutzak zabaltzen ditu modu partekatuan. Espazio hau emakumeon partaidetza eta jabetzea sendotzeko eta gizarte justuago, anitzago eta osoago bat lortzeko dago pentsatuta. Gure arma, gure jakituria izango da. Hau da, sortzea, ezagutzea, produzitzea, dantza egitea, gozatzea eta eraldatzea», azaldu dute.
IKASTAROAK
ZORU PELBIKOA INDARTZEKO TAILERRA
“Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu. Honelako ekintza bakoitzeko gure zoru pelbikoa ahuldu egiten da eta behin adin batera iritsita, pixa galtzen da, eta konpresarekin estaltzeko esan digute… hala ere eraginkorragoa da gune horretako giharrak prestatzea. Hori nola egin ikastea eta gure gorputz eta gure osasunarentzat hain garrantzitsua den arlo hau sentitzen, ulertzen eta hobetzen laguntzea da ikastaro honen helburuetako bat”.
Astelehenak, 18:30-20:00. Irailak 30; urriak 7, 14, 21, 28; azaroak 4, 11, 18, 25; eta abenduak 2
Legazpi
Dinamizatzailea: Saioa Baena Gorosabel
EMAKUMEAK MUGIMENDUAN
“Gure dantza eta mugimendu propioak atera ditzagun! Beste emakume batzuekin, bakoitzak nahi duen bezala eta epairik gabe dantza egiteko, elkar ezagutu eta zaintzeko espazio bat da. Ez dago dantzan jakin beharrik eta emakume guztiak izango dira ongi etorriak”.
Ostiralak, 09:30-11:00. Urriak 4, 11, 18, 25; azaroak 8, 15, 22, 29; abenduak 13, 20
Dinamizatzailea: Oihane Vicente Aguirrezabal
AMATASUNA IKUSPEGI FEMINISTATIK
“Amatasuna ertzez beteriko kategoria eta bizipen bat da. Eta feminismoak tresna aberasgarriak eskaintzen dizkigu amatasuna aztertu eta norbere modura bizitzeko. Beraz, tailerrak honako helburuak izango ditu: amatasuna ikuspegi feministatik lantzea, eta, lan horretan, adinkeria ere kontuan hartzea; ardatza teoria feministaren izatea; amatasunaren bidean laguntzea, besteak beste egiturazko mekanismoak azaleratuz, haurren garapen ebolutiboa ulertuz eta amek bizitzen dituzten prozesuak esparru batean kokatuz; partaideek elkarren arteko sare bat eraikitzeko aukera izatea eta bide hori erraztea; pertsonala politikoa dela barneratzea eta itxuraz arruntak eta txikiak diren gauzen indar iraultzailea agerian uztea”.
Astelehenak, 09:15-11:15. Irailak 30, urriak 14, 28; azaroak 4, 11, 25; abenduak 9, 16
Dinamizatzailea: Nagore Perez Fernandez – SUGE consultoria feminista
AUTOERRETRATUA, SORMEN TAILERRA
“Saio hauetan adierazpen sortzaileko jolas batean sartuko gara, gure buruaren irudi anitzak deskubrituz. Arteak eskaintzen dizkigun baliabideak aztertuko ditugu autorretratu bati bide eman eta nia edo
niak begiratzeko prozesu bat garatzeko. Autorretratu honetan gure ñabardura eta begirada ezberdinak aztertzen saiatuko gara, horrela gure buruaz dugun irudia ikertu eta edertasun ez hegemonikotik eraiki ahal izateko. Taldeko izaera eta kolektibotasunak honi bidea erraztuko dio. Ez da beharrezkoa izango ezagutza eta trebetasun artistikorik izatea, tailerra adierazpenean oinarritzen baita, eta ez teknikan”.
Ostegunak, 17:30-19:30. Urriak 10, 17, 24; azaroak 7, 14, 21
Ezkioko udaletxean
Dinamizatzailea: Maddi Uranga Aizpurua
ETXEKO KONPONKETEN IKASTAROA
Etxean ohiko ditugun lanez gain, tarteka sortzen zaizkigu beste zenbait behar. Ikastaro honen helburua da, sor daitezken behar horiei aurre egin eta etxean konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea. Tresnak ezagutu eta erabiltzen ikasiko da, beldurra galdu eta konfiantza hartuz.
Astelehenak, 17:30-19:30. Urriak 14, 21, 28; azaroak 4, 11, 18, 25
Dinamizatzailea: Izaskun Gurrutxaga Etxeberria
ZAHARTZARO BERRIAK – SKOLASTIKA”
Gure menopausia isilaraztea, ezkutatzea edo negatibizatzea den indarkeria psikologiko eta sinbolikoa azpimarratu nahi dugu. Gure menopausiak gureganatzen hasiko gara saio hauetan. Menopausiaren inguruko iruditegi falta nabarmendu ondoren, menopausia era hurbil, argi eta positiboan kontatzeko. Gure odola, gure hormonak, gure gorputzak gu reak dira. Gureganatzea gure eskubidea da. Tailer honen helburuak hurrengoak izango dira: Zahartzaroari buruzko informazio teori- ko eta literario gehiago lortzea, zahartzaroak euskal kulturan eta literaturan izan duen isla ezagutzea, menopausiaren inguruko indarkeria sinbolikoa ikusaraztea, zahartzaroari buruzko bibliografia ezagutzea”.
Larunbatak, 11:00 – 13:00. Urriak 26 eta azaroak 9
Dinamizatzailea: Josune Muñoz
KAKORRATZ LANAK, SAIO MONOGRAFIKOA
“Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta, kakorratz-lan saio honetan tximeletak ehuntzen ikasiko dugu kakorratzez, taldean. Kakorratz-lanak duen botere eraldatzaileaz baliatuko gara, bai indibidualki, eta baita kolektiboki ere. Saio hau, ikuspegi feminista, terapeutiko eta komunitariotik garatuko da. Ehuntzen dugun bitartean, “Tximeletak” erresistentzia mugimendua eta Mirabal ahizpak ezagutuko ditugu: Dominikar Errepublikan Trujillo jeneralaren diktadura, sortu zuten mugimendua…”.
Larunbata, 10:00 – 13:00. Azaroak 23
Dinamizatzailea: Oihana Merino Cabrera