«Ikusi nahi dugu nola jabetzen diren haurrak euskaraz egoera eleaniztunetan»
Euskara ikergai duen Iker laborategiko zuzendaria da Urtzi Etxeberria (Itsasondo, 1976); proiektu bat martxan du euskararen jabekuntzari buruzko ikerketak garatzeko. 1,2 milioi euroko laguntza lortu dute horretarako, laborategia berritu eta ikerketarako materiala lortzeko.
Iker euskararen inguruko ikerketa laborategiko zuzendaria da Urtzi Etxeberria. 1999an sortu zuten Iker, hiru partaideren gerizpean: CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikoaren Zentroa, UMB Bordeleko Unibertsitatea eta UPPA Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea. Unibertsitatearen eta ikerketaren munduan euskarari «ikusgaitasuna» ematea izan dute erronka. Egun, proiektu anitz dituzte bertako ikerleek, eta, berriki, proiektu handi bat abiatzeko bidea zabaldu zaie: euskararen jabekuntzari buruzko zentro esperimental bat irekiko dute Baionako egoitzan. Bertan, aztertuko dute nolakoa den nini sortu berrien eta haurren hizkuntzen jabekuntza prozesua.
Zer da Iker zentroa?
Euskarazko hizkuntzalaritzaren eta literaturaren arloko ikerketak egiten dituen ikerketa gune mistoa da, CNRS, UBM eta UPPAren gerizpean ari dena. 1999an sortu zen; Beñat Oihartzabali eskatu zioten euskal ikasketak Frantzia mailan batzeko eta ikusgaitasun pixka bat emateko laborategi bat sortzeko, Baionan. CNRSko hizkuntza zientzien atalari lotuak gara, eta bi ardatz nagusi ditugu ikerketari dagokionez: hizkuntzalaritza eta literatura.
Bi arlo horietan, zein dira zuen ikerketa gai nagusiak?
Hizkuntzalaritza teorikotik hasi eta soziolinguistikaraino; hizkuntzen kontaktua ere aztertzen dugu. Gai dezente ditugu, eta, gainera, datozen ikerle berriek ere beren ikerlerroa ekar dezakete; beraz, datozen heinean arloa zabalduz doa. Literaturari dagokionez, euskal testuak eta literatura lantzen ditugu. Adibidez, azkenaldian, euskal testuen artean famatu egin diren itsasontzietako gutunak lantzen ditugu.
Baionan dira euskal ikasketako lizentzia eta masterra. Zer harreman duzue?
UBM eta UPPArekin lotuak dira, eta gu haiekin lotuak izateak erran nahi du baditugula hor irakasle ikertzaileak Iker laborategiari lotuak daudenak.
Zein dira martxan dituzuen ikerketa proiektuak?
Gehienok hizkuntzalaritza teorikoa egiten dugu, baina lortzen ditugun proiektuen araberakoa ere bada. Gauza bat da bakoitzaren ikerlerroa, eta beste bat zer proiektu lortzen ditugun. Hizkuntzalaritza historikoan, badugu ikerketa bat XVIII. mendearen hasieratik gaurdainoko testuetan agertzen den egitura semantiko jakin baten ingurukoa, gero bilatzaile bat sortu ahal izateko; fonologiari buruzko beste bat ere badugu, beste bat arkeologia kognitiboa deitzen dioguna… Bordeletik Santanderreraino dauden kobazuloetan esku batzuk marrazkiturik aurkitu zituzten, eta ikertu nahi dute ea keinu hizkuntza bat izan daitekeen. Autismoaren eta elebitasunaren inguruan ere badugu beste proiektu bat, zeinetan helburua den ortofonistentzako tresnak sortzea. Laster, Aranzadirekin ere elkarlan bat hasiko dugu. Badira ikerketa asko, desberdinak, eta oso interesgarriak.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.