Musika eskolatik Aste Nagusira
Zatekeen Erromeria musika taldea duela urte bat sortu zen eta dagoeneko Donostiako Aste Nagusian eta Urretxuko Santa Anastasia jaietan jo dute.
Urretxu eta Zumarragako Zatekeen Erromeria musika taldea ibilbide bikaina osatzen ari da. Taldea duela urtebete sortu zuten eta Dagoeneko Donostiako Aste Nagusian eta Urretxuko Santa Anastasia jaietan jo dute.
Zatekeen Erromeria taldea Maider Amado abeslariak (20 urte), Elena Urteaga trikitilariak (18 urte), Malen Larrañaga bateria-jotzaileak (15 urte), Olaia Castro gitarrista, saxo-jotzaile eta abeslariak (18 urte) eta Amaiur Jauregi baxu-jotzaileak (17 urte) osatzen dute. Amado egokitzapen fisikoko goi mailako teknikari izateko ikasten ari da eta datorren urtean irakasle-ikasketak egin nahi ditu. Urteaga Ingeniaritza Biomedikoa ikasten ari da. Larrañaga DBH4 ikasten ari da, Castro Ikus-entzunezko komunikazioa eta Jauregi Batxilergoko 2. maila.
Zatekeen Erromeria sortu aurretik, beraietako batzuk beste talde batean jotzen zuten. “Musika eskolan ezagutu ginen lagun batzuk musika talde bat sortu genuen: Adore. Batzuk kanpora joan ziren ikastera eta taldea desegin egin zen. Ondoren, Zatekeen Erromeria sortu genuen. Orain arte June Perezek jo du bateria, baina taldea utzi du eta hemen aurrera Malenek joko du”, azaldu du Urteagak.
Taldeko guztiak musika eskolatik pasa dira, Amado ezik. “Talde akustiko bat nuen lagun batekin. Utzi egin genuen. Zatekeen Erromeria taldekoak Urola futbol taldetik, kaletik… ezagutzen nituen. Taldea sortzea erabaki genuen. Oso giro ona dugu eta hori ikusleei transmititzen diegu”.
Euskal kantak
Jose Quintas musika irakasleak gomendatuta, erromeria giroko musika jotzea erabaki zuten. “Kontzertu gehiago lortzeko, jende gehiagorengana heltzeko, parranda giroan jotzeko… modu bat da. Hori da gustatzen zaiguna. Euskal kantak jotzen ditugu, betikoak eta egungo taldeenak, eta ikusleek ondo ezagutzen dituztenek, oso giro ona sortzen da. Gu ere parrandan gaudela dirudi. Oso ondo pasatzen dugu”.
Oso gustura daude jasotako erantzunarekin. “20 bat kontzertu egin ditugu. Harrituta gaude. Oso indartsu hasi gara. Sekulako aukerak izan ditugu: Debako (Gipuzkoa) gaztetxean, Basaurin (Bizkaia), Zarauzko (Gipuzkoa) Euskal Jaian, Donostiako Aste Nagusian, Lazkaon… jo dugu. Zarauzkoa sekulakoa izan zen. Baita Geltokietako jaietakoa ere. Bideo asko igotzen ditugu eta hori lagungarria da. Baina ahoz ahokoa ere oso garrantzitsua da. Bestalde, bost emakume gara eta hori ez da ohikoena. Deigarria da. Gainera, bostok kuadrilla ezberdinetakoak gara, giro ezberdinetan mugitzen gara… eta horrek ere kontzertuak lortzen lagundu digu”.
Urretxuko Santa Anastasia jaietako kontzertua ere oso berezia izan zen, noski. “Goitik lagunak, gurasoak, gainontzeko senitartekoak… ikustea, sekulakoa izan zen. Herrian abestea oso polita da. Eta jendea besoak mugitzen edo abesten ikustea, barruraino heltzen zaigu”.
Amadok indar handia transmititzen du. Taula bere tokia dela sentitzen duela dio. Gainontzeko taldekideak ere geroz eta gusturago sentitzen dira jendaurrean. Lotsa galdu dute.
Lagunak eta senitartekoak ere oso gustura daude. “Sekulako jarraitzaile taldea dugu. Gurasoak kontzertu guztietara joaten dira eta afariak egin izan ditugu gurasoekin eta anai-arrebekin. Lagunak ere kontzertuetara etortzen dira. Musika taldeari esker, gure kuadrillak elkar ezagutu dira eta askotan elkarrekin ibiltzen gara. Adin ezberdinetakoak gara, baina oso harreman ona dugu”.
Jose Quintas irakaslea ere ez dute ahaztu nahi. “Joseri esker gaude hemen. Berari esker sortu genuen taldea eta askotan aipatu dugu kontzertuetan. Iazko abuztuan hil zen. Blokeatuta gelditu ginen eta ez da erraza izan proiektua aurrera ateratzea, bidean oso pertsona garrantzitsua galdu baitugu. Kontzertu guztietan gogoratzen gara eta beti gogoratuko gara. Ziur, dagoen tokian dagoela, gutaz harro dagoela eta gurekin dantza egiten duela”.