Aparkaleku hutsen informazioa emango duten panelak ipini dituzte Beasainen
Bernedoenea eta Gipuzkoa plazako aparkalekuetako plaza hutsen informazioa emango dute, ibilgailuen gidariei aparkatzeko denborak murrizteko eta herriguneko trafiko arintzeko.
Beasaingo herrigunean ibilgailuen trafikoa arintzeko helburuarekin, bi aparkaleku nagusien egoera ezagutzeko sistema berri bat jarri du martxan Udalak. Ibilgailua aparkatu beharrean aurkitzen direnentzako oso informazio baliagarria eskainiko dute, behar baino itzuli gehiago ez emateko, hutsik dauden aparkalekuak non dauden jakinarazteko informazioa emango baitie.
Bernedoenea eta Gipuzkoa plazakoa dira Beasaingo bi aparkaleku nagusiak, aparkaleku kopuru handiena dutenak izateaz gain, herriko sarrera eta irteeratik gertuen daudenak direlako. Beasaingo udalaren ahalegina izango da, kanpotik datozenei aparkatzea erraztea, bi aparkaleku horietara bideratuz, eta bakoitzaren egoera jakinaraz, unean unean, sentsore sistema bati esker. Hauen egoeraren berri emateko, bi panel informatibo kokatu dituzte; bata, Iturriotz kalean, Gipuzkoa plazara heltzeko bidegurutzean; eta bestea, Zaldizurretako biribilgunean, udalerriko sarbide nagusienean.
Baliabide berri hau ezarrita, herriguneko trafikoa arintzea nahi du Udalak, bide segurtasuna hobetzea eta CO2 emisioak murriztea lortzeko xedearekin.
Denbora errealean
Gipuzkoa plazan dauden 259 aparkaleku plazetatik 116 kontrolatuko ditu plaza hutsen informazioa jasotzeko ezarri den sentsore sistemak. Bernedoenean, berriz, 318 aparkaleku daude denera, eta 292ren jarraipena egingo du.
Espazio hauen egoera ezagutzeko, bi aparkaleku hauetara sartzean eta irtetean, indukzio bidezko sentsoreak ipini dituzte asfaltoaren azpian, ibilgailu bat gainetik igarotzean sistemara informazioa bidaltzen diona, ondoren, bi panel informatiboetara bidaliko dena denbora errealean, bertatik pasatzen diren gidariek izan dezaten.