BERTSO-JARRIAK. '20. urteurrenean, GOIERRIKO HITZAri'
Ingalaterran bizi den Aitor Irastortza bertsolari zaldibiarra GOIERRIKO HITZAren irakurle leiala da, eta egunero bisitatzen du webgunea Goierriko berri izateko. Bederatzi bertso-jarri oparitu dizkio 20. urteurrena dela.
’20. urteurrenean, GOIERRIKO HITZAri!’
Bertsolaria. Aitor Irastortza
Doinua. Zure bular politak (Xabier Leteren Amaren bularra)
Hogei urte badira
jada herriz herri,
Ataun, Zerain, Segura,
edo Olaberri.
Gaurko eta atzoko,
zahar eta berri.
Zuk ematen didazu
inguruko berri.
Iritzi-plaza libre
denen ahotsezko,
informazio-sare,
egia funtsezko,
gertuko ikuspegiz,
euskara hutsezko.
Zu zara adibide,
ez da ezinezko.
Haseran paperean
Interneten gero,
sareak erreminta,
kaleak bulego.
Ez da erraza baina
lortzen duzu, gero!
Azalez aldatzea
goizero goizero.
Batzuetan alaia
eta atsegina,
besteetan tristea,
gogorra, gordina.
Berri orok behar du
hitz-jario fina,
eman edo kontatu
ez baita berdina.
Luzea da daukazun
albiste bilduma…
Zein da barre txiki bat
atera dizuna,
zeinek eman ospea,
zeinek oihartzuna?
edo idazten gehien
kostatu zaizuna…
Gauza bat atsegin dut
zugandik, zehazki:
eguneko albiste
edota argazki,
formatu laburrean,
zortzi lerro, zazpi.
Asko baino hobe da
esatea aski,
Zorion agur eta
iritzi-zutabe,
asteroko hitz-truke,
Hitzakide sare,
herritarren gutunak
ere parez pare…
Ez zabiltza besteei
hitzik eman gabe.
Hargatik zara noski
GOIERRIKO HITZA,
eskaintzen diguzuna
gaitegi anitza:
kultura, politika,
jaiak, hirigintza.
Eskerrak emateko
motiboz gabiltza.
Ezagutzen garela
hogei urte dira.
Gaztea zara eta
baduzu segida.
Lanean, orain arte
modura segi ba…
Asko gauzkazulako
gertutik begira.