'GOIERRIKO DITXA'. Aro bat musikatu duen diskoa
20 urteko ibilbidean, 'Bizi!' diskoa ere argitaratu da, GOIERRIKO HITZAren eta 'Goierritarra'-ren urteurrenen harira, Goierriko musikarien, trikitilarien eta bertsolarien laguntzarekin.
Kantatzen hastera goaz, Goierriko istoriak, batzuak gezurrak dira, besteak berriz egiak,…» Horrela esaten du Goierriko ditxa kantaren lehen bertsoak, Iker Zubeldiak eta Iban Urdangarinek idatzi eta kantatu, eta Gari eta Iñaki trikitilariek musikatu zutena. Lerro hauek irakurtzen ari zareten askorentzat, ezaguna izango da abesti hau, ziur baietz, nahiz eta, ez jakin, akaso, GOIERRIKO HITZA egunkariaren bosgarren urteurrenaren eta Goierritarra aldizkariaren 20. urteurrenaren harira argitaratutako diskoaren lehenengo abestia izan zela.
Bizi! izenburupean argitaratu zen abesti hori jasotzen zuen diskoa, duela 15 urte. Momentu hartan erredakzio honetako langilea zen Arkaitz Apalategiren ideia eta indarra izan ziren hura kaleratzea, bera ibili baitzen, batik bat, zer egin horren koordinazio lanetan. «GOIERRIKO HITZAren bosgarren urteurrena eta Goierritarra aldizkariaren 20. urteurrenaren bueltan zerbait berezia egiteko gogoz genbiltzan: zer egin, zer antolatu, jendea nola erakarri,… horretan ari ginela, ideia ugari izan genituen. Urteurrena ospatzeko festa handi bat egitea pentsatu genuen, baina horrez gain, aspalditik Goierriko musikariekin zerbait egiteko gogoz nengoela eta, hortik tiraka sortu zen diskoarena», kokatu du Apalategik berak. «Festetan, sagardotegietan,… bertsolari eta trikitilarien artean sortzen den harremana islatu nahi izan genuen, eta momentu horretan zeuden belaunaldi desberdinetako musikariak elkartu genituen. Garai hori grabatuta uzteko modua izan zen» deskribatu du garai hartako lana.
«Festetan, sagardotegietan,… bertsolari eta trikitilarien artean sortzen den harremana islatu nahi izan genuen, eta momentu horretan zeuden belaunaldi desberdinetako musikariak elkartu genituen. Garai hori grabatuta uzteko modua izan zen»
Arkaitz Apalategi. ‘Bizi’ diskoaren sustatzailea
Esan eta egin. «Lan handia izan zen. Goierriko trikitilariak elkartu eta bakoitzak kanta bat grabatzea zen asmoa. Hitzak egiteko, eskualdeko bertsolarien laguntza izango zuten. Hainbeste jendek parte hartuko zuen disko bat grabatzea ez zen erraza izan. Makina bat bilera eta telefono dei egin izan ziren tartean. Dena den, esan beharra daukat, proposamena egin genien denek parte hartu zutela», gogoratu du Apalategik. Guztira 14 bikotek eta taldek parte hartu zuten, beste hainbeste bertsolarirekin batera.
Dena koordinatzeko hilabeteetako lanaren ondoren, iritsi zen estudiora sartzeko eguna. 2009 urteko ekainean eta uztailean grabatu zuten, Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioan. Jonan Ordorikak egin zituen teknikari lanak eta Angel Katarainek, berriz, nahasketak.
«1.000 inguru kopia argitaratu genituen, eta esango nuke, den-denak saldu zirela», kontatu du Apalategik. Goierriko Hitza-ren egoitzan oraindik gordeta dago kopia bat. 16 kanta biltzen ditu: Gari eta Iñakik, Elortza anaiak, Elustondo anai-arrebak, Aitor Sarriegik, Urretxu-Zumarragako bertso-eskolak, Dorronsoro eta Ezkerrak, Xapre eta Furrielak, Iker Zubeldiak, Iban Urdangarinek, Edurne Iturbek, Olarte anaiak, Lutxurdio eta Aitziberrek, Dani eta Peiok, Josune eta Aitziber ahizpak, … eta beste askok jarri zuten interesa eta inplikatu ziren. «Giro ona eta elkarlana izan ziren» borobildu du Apalategik.
GOIERRIKO HITZA egunkariaren bosgarren urteurrena eta Goierritarra-ren 20. urteurrena ospatzeko Lazkaon egin zen festan aurkeztu zuten diskoa.
‘Goierriko ditxa’
Oso harrera ona izan zuen diskoak, baina bertan biltzen ziren abestietako bat izan zen erabateko sorpresa, diskoa irekitzen duen abestia, hain zuzen ere, Goierriko ditxa izenburua duena. «Irratietan, herrietako jaietan, tabernetan, txosnetan,… toki askotan entzuten hasi zen, eta jende guztiak kantatzen zuen, gaur egun ere maiz oraindik. Ustekabea izan zen!», kontatu du Iker Zubeldiak abestiaren letraren egileetako batek.
«Konpromisoa hartuta geunden, eta asteak joan asteak etorri, gainean genuen grabaketa eguna. Sagardotegian afaltzeko gelditu ginen lauok, eta horrela atera zen»
Iker Zubeldia. Bertsolaria
Bederatzi bertsok osatzen dute, Goierriko herri desberdinei erreferentzia eginez. Hori zen diskorako abestia sortzeko baldintza bakanetakoa, Goierri oinarri izatea. Letraren sorkuntza nolakoa izan zen galdetuta «erabat bat-batekoa» izan zela esan du Zubeldiak. «Konpromisoa hartuta geunden, eta asteak joan asteak etorri, gainean genuen grabaketa eguna. Sagardotegian afaltzeko gelditu ginen lauok, eta horrela atera zen», gogoratu du Zubeldiak. Estudioan ere azkarrak izan ziren, «entsegu bat egin, ondoren estudioan lehenengoan jo, eta bale! Halakoxeak gara; gaur egun ere berdin egingo genukeen», erantzun du Zubeldiak.
Ondoren iritsi zen ezustekoa: «SGAE-tik ere deitu ziguten, kantua erregistratzeko, baina erabaki genuen, herriarena behar zuela, eta halaxe geratu zen».