Ibilgailu elektrikoentzat kargaleku berriak martxan daude Beasainen
Gipuzkoa plazan kokatu dituzte eta lau ibilgailu kargatu ahal izango dira aldi berean.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu berriak ipini dituzte Beasainen, Gipuzkoa plazako aparkalekuan kokatu dituzte. Bi kargaleku bikoitz ipini dituzte, beraz, lau ibilgailu kargatu daitezke, aldi berean. 44 kw-ko potentzia dute; ibilgailu bakoitzerako 22 kw eskainiko dute. Ibilgailuaren bateria eta ezaugarrien arabera, %75a bi ordutan bete ahal izango da. Europako edozein ibilgailu elektriko edo hibridorekin bateragarriak dira.
Udalaren elektro mugikortasun estrategiaren lehen mugarria 2023 urtean jarri zen, Gernika pasealekuan kokatu zuten 50 kW-ko potentzia duen lehen kargaleku bikoitzarekin. Udalak ikusi ahal izan duenez, haren ondotik, «zerbitzua egonkortu» egin da, eta mugikortasun elektrikoa sustatzeko ahaleginean lerrokatuz, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura sare sendo bat osatzea da helburua etorkizun hurbilera begira.