ELKARRIZKETA. «Lehia polita izango da. Edozeinek disfrutatuko du Lazkaon»
Herrien arteko dema izango da GOIERRIKO HITZAren 20. urteurren festako ekintza nagusienetariko bat. Izaskun Arruti urretxuarra dabil antolaketa lanetan.
«GOIERRIKO HITZAko Idoia Mendezek deitu zidan 20. urteurrena ospatzeko herri kirol lehiaketa bat egiteko nahia adieraziz. Horrela, beste herrietako jendearen kontaktuak pasa nizkion eta pixkanaka forma ematen hasi ginen ekitaldiari», esan du. Uztailean egin zituzten lehen bilerak.
Zazpi herrietako jendea elkartuko zarete.
Hasiera baten bost herri ginen: Idiazabal, Beasain, Urretxu-Zumarraga, Lazkao eta Gabiria. Seigarren baten bila ari ginela, zazpigarren bat ere animatu zitzaigun, eta horrela, Ataun eta Olaberria ere lehian izango dira. Azkenean, hamar partaidez osatutako taldeak sortu ditugu, adin-tarte guztietako jendearekin. Gure taldean, esaterako, 18-19 urtetik hasi eta 45 urte bitarteko kideak gaude. Beste herrietan ere antzeko adin-multzoak dituzte.
Zein kirol egingo dituzue?
Bederatzi proba egingo ditugu denera: trontza, lasto altxatzea, txingak, korrika, giza-proba, harri jasotzea, lokotsak, ingudea eta azkenik sokatira.
Faboritorik ba al dago?
Garbi dago lehia polita izango dela. Azkenean talde guztiak oso konpletoak gara. Alde batetik, dagoeneko herri kiroletan esperientzia daukan jendea dago, eta bestetik, gazteen sasoia eta indarra. Lehiatzeko gogoz gaude denok, beraz norgehiagoka gogorra izango da. Hala ere, nahiz eta herrien arteko pikea ezinbestekoa den, helburua ondo pasatzea eta minik ez hartzea da.
Zeini gomendatuko zenioke lehiaketa ikustera joateko?
Adin tarte guztietako zein herri guztietako jendeari gomendatuko nioke. Gazteak animatuko nituzke bereziki, kirol hauen etorkizuna mantendu nahi badugu beraien interesa ezinbestekoa baita. Gainera, beste edozein kirol bezain politak direla ikusiko lukete. Gazteez gain, helduek ere goiz oso polita pasatuko dute gure lehia ikusiz. Edozeinek disfrutatuko du larunbatean Lazkaoko plazan.
Nola ikusten duzu gaur egun herri kirolen egoera?
Geroz eta gazte gehiago interesatzen ari bada ere, iruditzen zait beti kirol berdinetan zentratzen garela. Harri-jasotzea eta aizkoratik aparte, ez dago horrenbeste jende. Horrez gain, esango nuke, geroz eta jende gutxiago dagoela prest kirol horiek musu truk irakasteko. Asko kostatzen zaigu horrelako gauzak egitea. Uste dut beharrezkoa dela denon aldetik aletxo bat jartzea euskaldunon bereizgarri diren kirol hauek bizirik mantentzeko.