Ondarea eskuragai
Ondarearen Europako Jardunaldien 9. edizioan ‘Kulturaren bideak’ landuko dira aurten. Zeraingo meatzeetara bisita eta Ormaiztegiko ‘Munduko sukaldaritza’ asteburuko proposamenen artean.

Atzo abiatu zen 2024ko Europako Ondare Jardunaldien egitaraua Gipuzkoako 31 udalerritan Kulturaren bideak lemapean. Goierriren kasuan, hamar herritan egingo diren ekitaldiak: Ezkion, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian, Ormaiztegin, Seguran, Urretxun, Zerainen eta Zumarragan.
Askotariko ekitaldiak izango dira, hasi bisita gidatuetatik eta ikuskizun-erakustaldiekin bukatuz. Jardunaldiok erakutsiko dute trukeek nola eraiki duten kultura-ondarea eta nola jarraitzen duten gaur egun ere eraikitzen. Komunitateen arteko harremanek, loturek edo sareek kultura-ondarea sustatzen eta aberasten dutela erakustea da egitarauaren helburua. Asteburu honetan Zerainen, Ormaiztegin, Lazkaon eta Legazpin daude antolatuta ekitaldiak.
Zeraingo meatze barrutia
Aizpeako meatze-barrutian ibilbide bat egingo dute Zerainen, larunbatean; «inguruko minerala ateratzeak eta etengabeko eraldaketak sakonki aldatutako paisaia» ikusteko helburuarekin. Ibilaldian zehar hiru eremu bisitatuko dira: «Ingalaterrako konpainiaren ustiapen eremua, Alemaniako ustiapen eremua eta Aizpittako minerala prestatzeko lantegiaren eremua». Zeraingo turismo bulegotik adierazi dutenez, Aizpeako meategiaren ustiapenak hainbat fase izan zituen: «erauzketa aire zabalean eta galerietan, barne garraiorako sistemak, mineralen lehen prestaketa eta ondorengo espedizioa».
XX. mendean atzerritik eta inguruetatik iritsitako teknologiek —ingelesak, alemanak eta Legazpiko Patricio Etxeberria S.A.— paisaian ez ezik, zeraindarren egunerokoan ere aldaketa handiak ekarri zituen, «tabernak eta barrakoi txikiak ugaritzen hasi ziren, hondakin mendixka, aireko kableen joan-etorria, lurrun lokomotoreen zarata, kiskaltzeko labeen kea…». Ibilbidean guzti hori ikusteko edo irudikatzeko aukera egongo da. 11:00etan, Aizpittako interpretazio zentroan hasiko da. Izena 649 946 277 telefonoan edo turismobulegoa@zerain.eus-en eman daiteke.
Munduko sukaldaritzak
Ormaiztegin, aldiz, Munduko Sukaldaritzak egitasmoaren 4. jardunaldia egingo dute igandean; gastronomiaren bitartez, «Ormaiztegin bizi diren jatorri ezberdinetako herritarren arteko topagune eta elkarrizketarako gune» izateko helburuarekin. Maroko, Nikaragua eta Kolonbiako platerak prestatu eta dastatzeko aukera izango da, 10:00etatik aurrera, Barduliarrak elkartean. Izena emateko mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzi behar da.
Ez dira hauek Goierrin ondarearen jardunaldien baitan egingo diren ekintza bakarrak. Lazkaoko Beneditarren Fundazioak ere bisitak antolatu ditu —gaur, 18:30ean eta bihar, 11:30ean—bere artxibo historikoa ezagutzera emateko. Bestalde, Legazpiko Txillida Lantokian, Txillidak Legazpin egindako azken lanak ikusteko aukera izango da —11:30etatik 13:30era— Legazpitik mundura izeneko erakusketan.