Urretxuko Zainketen Tokiko Ekosistemaren berri emango dute, panelen bidez
Zainketen Tokiko Ekosistema udal, eskualde eta lurralde mailako gizarte eta osasun zerbitzuak eta eragileak biltzen dituen estrategia bat da, arreta pertsonalizatua eskaintzeko helburuarekin. Bost dimentsio ditu eta hemendik aurrera bost dimentsio horiek Urretxuko udal eraikin ezberdinetan jarritako bost panel didaktikotan irudikatuta egongo dira. Helburua egitasmo garrantzitsu hau herritarrei hurbiltzea da.
Panelak atzo aurkeztu zituzten, Urretxuko eguneko zentroan. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Urretxuko Udaleko, Uggasako eta Goierri-Urola Garaiko ESIko ordezkariak izan ziren. Jon Luqui alkatea eta Maite Peña diputatua izan ziren, besteak beste.
Bost dimentsioak azaltzeko asmoz, udaleko teknikarien eta erabiltzaileen testigantza jaso da. Lehenengo panelean Zainketen Tokiko Ekosistema premia berriak asetzera bideratutako eredu berria dela azaltzen da. Gizarte zerbitzuen kudeaketan egin den aldaketa handia erakusten du. “Eredu honekin, zerbitzuak kudeatzetik kasuak bere osotasunean kudeatzera igaro gara. Horrek esan nahi du ikuspegi integral batetik lagundu behar dela, pertsonek laguntza pribatuak zein publikoak jaso ditzaten; laguntzak gizarte, osasun edo komunitate izaerakoak izan”, azaldu zuen Maialen Fidalgo zinegotziak.
Formula berriak pertsonaren ikuspegi zabalago eta gizatiarrago bati erantzuten dio. “Arreta-eredu berri honekin ez gara pertsona batek duen mendekotasun mailan bakarrik zentratzen. Pertsona guztiek bere erabakiak hartzeko eskubidea dutela ulertzen dugu: kalera irteteko, gizarte harremanak izateko… Horrela, zerbitzuaren hartzaileen nahiak eta gustuak errespetatzen dira eta zainketak pertsonalizatzen dira. Laburbilduz, pertsonei bizitza duina mantentzen laguntzen diegu, etxean bizitzen jarrai dezaten. Hori zerbitzu eta proiektu zehatzetan gauzatzen da: Pagoetako adinekoentzako apartamentu berriak (2025ean prest egongo dira), lantzen ari garen eguneko arreta zerbitzua, eguneko zentroa eta etxez etxeko arreta Zerbitzua, besteak beste”.
Pilar Angulok eguneko zentroko eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileak eta bere alabak eredu berri horrek izapideetan eta giza tratuan ekarri duen aldaketa azaldu zuten.
Almudena Carrillok, Urretxuko Udaleko gizarte zerbitzuen koordinatzaileak, bigarren dimentsioaren berri eman zuen, Elkarlaneko gobernantza izenekoa. “Bi lan ardatzen gainean eraikitzen da. Lehenengoak, koordinazio soziosanitarioak, osasun eta gizarte sistemako profesionalen arteko komunikazioa eta koordinazioa sustatzen du. Bigarren lan ardatza gobernantza soziala da. Hemen proiektu komunitarioak kokatzen ditugu. Besteak beste, nahi ez den bakardadearen aurkako boluntariotza edo +65 Foroa. Foro horretan 65 urtetik gorako bizilagunek parte hartzen dute. Beraien ongizatera bideratutako politiken eta jardueren plangintzan, betearazpenean eta jarraipenean parte hartzen dute”.
Hori azaltzeko, Cecilia Alvarezek eta bere seme Adolfo Ruizek hitz egin zuten. Biek +65 Foroko yoga saioetan parte hartu dute eta beraien esperientzia kontatu zuten.
Hirugarren dimentsioa Berrikuntza soziala eta teknologikoa da. Horrek hainbat proiektu biltzen ditu. Gaur egun bi nabarmentzen dira: Urretxun Zaindu eta Urola Garaia Zaintza Lab. Udalak bi urte daramatza Urretxun Zaindu bultzatzen. Proiektuak hauskortasun edo mendekotasun egoeran dauden adinekoak zaintzen laguntzen du, beraien etxean bizitzen jarrai dezaten. Horretarako zaintzaileei ere laguntzen die. Teknologia eta zerbitzu telematikoak eta aurrez aurreko arreta uztartzen ditu. Apparen bidez, erabiltzaileen jarraipena eta gida egiten da, haien etxeetara bisitak eginez eta etengabe harremanetan egonda.
Bigarren proiektua, Urola Garaia Zaintza Lab, mankomunitateko proiektu bat da. Orto protesikan, laguntza teknikoetan eta neuro-errehabilitazioko sistema aurreratuetan oinarrituz, zaintza berritzaileak ematea du helburu.
Jon Luqui eskualdeko garapen agentziako lehendakariak duela hilabete gutxi proiektuaren emaitzak ezagutu zituztela eta proiektuan parte hartu duten eta bizi kalitatea nabarmen hobetu duten pertsona batzuen testigantzak entzun zituztela gogoratu du.
Laugarren panela ikaskuntza eta lankidetzari buruzkoa da. Ekosistema ez da bakarrik sortzen eta hazten. Zaintza Herrilab sarearen parte da eta horrek sorkuntzan, eboluzioan eta hazkundean laguntzen dio: Urretxuk bere ekimenak eta esperientziak beste udalerri batzuekin partekatzen dituelako eta aldundiak berak ere jarraipena egiten duelako.
Bosgarren eta azken panela ebaluazio sistematikoari buruzkoa da. Neurtzen ez dena ez da hobetzen. Lehen ebaluazioa egin berri dute eta horretan oinarrituko dira ekimenak ezabatu, aldatu eta txertatzeko.
Ekosistema bertakoa da, Urretxukoa, eta udalerriaren beharrei eta ezaugarriei erantzuten die; baina ez da bakarra eta ez dago isolatuta. Ekosistema Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean sortu eta hazi da. Zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak gidatzen duten Zaintza Herrilab ekimenaren barruan. Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak, Maite Peñak, ekimen honen helburua etorkizuneko zainketak eraldatzea dela esan zuen atzo Urretxun. “Adinekoen nahi eta etxeetara hurbilduz eta gizarte, osasun eta komunitate zerbitzuekin etengabeko arreta integratua bermatuz». Peñak Zaintza HerriLabek mendekotasunaren prebentzioa eta zaintzaileentzako laguntza ere jorratzen dituela azpimarratu zuen, autonomia pertsonala bultzatuz: «Arreta jarri behar diegu pertsonen nahiei. Adineko gehienek etxean geratu nahi dute, eta Zaintza HerriLab estrategiak nahi horri erantzun nahi dio arreta hurbilagoaren eta pertsonalizatuaren bidez”.